Ahoa bete soinu

Urola Kostako Hitza 2018ko api. 25a, 19:48
Inazio Olazabal Olazko ermitaren kanpoan, mendian biltzen dituen makilak ondoan dituela. (Argazkia: Ihintza Elustondo)

Gaur egun, ez du jende askok jotzen ahosoinua, baina bada horretan trebea den gizon beizamar bat: Inazio Olazabal. Bere kabuz ikasi du instrumentua jotzen, "belarri ona" duela baliatuta. Egun, Azpeitian bizi da, eta makila bereziak bilatzea da haren beste afizio bat.

Geldirik egoten ez dakien horietakoa da Inazio Olazabal (Beizama, 1950). Erretiratuta dago, baina asmatzen du denbora librearekin zer egin: "Egunero, 07:00etan, igeri egitera joaten naiz; karta jokoan aritzea gustatzen zait; pilota ikustea eta bertsoak entzutea ere bai; tarteka, ehizera joaten naiz; mendian makila bereziak bilatzen aritzen naiz; bilobak zaintzen ditut; biloba batekin pilotan ere aritzen naiz…". Zerrenda luze horri beste elementu bat ere gehitu behar zaio, Olazabalek badu-eta afizio berezi bat: ahosoinua jotzea. "Gero ere tokatuko zait geldirik egotea, eta ahal den bitartean zerbait egitea gustatzen zait!".

Alaba batek etxean zuen harmonika ikusi, eta "kasualitatez", hari soinua ateratzen hasi zen Olazabal, duela hamabost bat urte. "Probatzen hasi eta Andre Madalen abestia jotzen ikasi nuen, belarriz. Nahikoa ondo atera zitzaidan". Halaxe, instrumentua gustatu eta Albizturko (Gipuzkoa) Marcos Landarengana jo zuen. Hark ere ahosoinua jotzen du, eta aholku batzuk eman zizkion Olazabali. "Haren aholkuei segituz eta saiatuz, neure kabuz ikasi dut ahosoinua jotzen".

Ez zitzaion zaila egin harmonika jotzen ikastea Olazabali. "Uste nuena baino errazagoa egin zitzaidan. Belarri ona daukat, eta horrek asko lagundu zidan", dio. Hori bai, gogoan ditu zaildu arte pasatu behar izan zituenak: "Hasi nintzenean, tripako mina egin arte aritzen nitzen soinua jotzen, baita ohean etzanda ere. Gero, tripa dena minberatzen zitzaidan, eta ezin izaten nuen jarraitu. Marcosi kontatu nion zer gertatzen zitzaidan, eta hark esan zidan zutik jo behar dela ahosoinua. Orduz geroztik, zutik jotzen dut".

Jarraitu artikulua irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.