Mikel Reparaz kazetariaren hitzaldiak irekiko du Munoandi elkarteak antolatutako hitzaldi zikloa

Uztarria.eus | Gizartea | Artikulua
2018-04-25 18:25

Biharkoaren ondotik iritsiko dira Jon Sarasuaren solasaldia eta Xabier Arzalluz EAJren buruzagi ohiaren inguruko Euskadiko historia politikoa dokumentala. Horiez gain, Ane Irabazabal eta Jon Artano kazetarien hitzaldiak prestatzen ari dela aurreratu du Munoandik. 

Mikel Reparaz kazetaria. (EITB)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Azpeitiko Munoandi elkarteak hainbat ekintza antolatu ditu datozen aste eta hilabeteetarako, hala nola hitzaldiak eta dokumental emanaldiak. Bihar ekingo diote prestatutako hitzaldi sortari, Mikel Reparaz (Arbizu, 1975) kazetariaren hitzaldiarekin. Trumpen Amerika munduaren aurrean izenburupean arituko da hizketan kazetari nafarra Sanagustin kulturgunean, 19:00etan hasita. Onintza Segurola kazetaria arduratuko da solasaldia aurkezteaz eta gidatzeaz. Interesa duen oro hurbil daiteke Munoandik antolatutako solasaldira.

2013tik Amerikako Estatu Batuetan berriemaile lanetan ibili ostean, Euskal Herrira itzuli berri da Mikel Reparaz. Munoanko kideek azaldu dutenez, Arbizuko kazetariak Balkanetako gerra hurbiletik ezagutu zuenetik, "nazioarteko gaurkotasuna izan du pasio". Reparazi egindako elkarrizketa irakurri ahal izango da bihar Urola Kostako Hitza egunkarian. 

Jon Sarasuaren Sustraiak eta adarrak-XIX eta XX. gizaldietako ideologiak zertan dira? hitzaldiak hartuko du biharko solasaldiaren lekukoa. Sarasuak maiatzaren 9an eskainiko du hitzaldia, hori ere Sanagustin kulturgunean. Ion Muñoa ariko da aurkezle lanetan. Munoandik ez du oraindik solasaldiaren ordua jakinarazi, baina data gerturatu ahala emango dute horren berri. 

Bi hitzaldi horien ostean, Xabier Arzalluz EAJko buruzagi ohiaren inguruko Euskadiko historia politikoa dokumentala aurkeztuko du Munoandik. Ikus-entzunezkoaren proiekzioa maiatzaren 29an izango da, Sanagustin kulturgunean. Munoandik azaldu duenez, "Arzalluzen ibilbide politikoa eta Euskal Herriko azken 50 urteetako hainbat gertaeren inguruan dituen iritziak eta ikuspuntuak jasotzen ditu Euskadiko historia politikoa dokumentalak".

Jarraipena, udazkenean 

Apirilerako eta maiatzerako prestatutako ekintzez gain, aurrera begira egitasmoak egiteko asmoa du Munoandi elkarteak. Aurreratu duenez, Ane Irabazabal eta Jon Artano nazioarteko kazetarien hitzaldi bana ere antolatuko du, eta udazkenera begira ere hainbat ekitaldi ari da prestatzen Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa