Zabaldu dute Sare Eguneko paella txapelketarako izen-ematea

Uztarria.eus 2018ko api. 25a, 17:45
Iazko paella txapelketako argazkia.

Paella txapelketan parte hartzeko izen-ematea binaka egitea gomendatzen du Sarek. Orkatzen, Sanagustin kulturgunean eta Sareren helbide elektronikora idatzita eman daiteke izena. Maiatzaren 14a izango da horretarako azken eguna. 

Maiatzaren 19an ospatuko da Sare Eguna, Azpeitiko Sarek antolatuta. Egun horretarako paella txapelketa antolatu dute bigarrengoz, eta gaur, asteazkena, zabaldu dute izen-ematea. 

Paella txapelketan parte hartzeko izen-ematea binaka egitea gomendatzen du Sarek. Paella egiten duten bi lagunek herri bazkarirako txartela doan izango dute, eta beraiek prestatutako paella beraiekin doazen lagunek jateko aukera izango dute. Sei edo zortzi lagunentzako paella prestatu beharko da, eta paellera, arroza eta osagarriak parte-hartzaileek eraman beharko dituzte. Azpiegitura (sua, haima...), antolatzaileen esku egongo da. Plazan izango da txapelketa, 13:00etan hasita.

Izen-ematea Orkatzen, Sanagustin kulturgunean eta azpeitikosareherritarra@gmail.com helbidera idatzita egin daiteke. Maiatzaren 14a izango da paella txapelketan izena emateko azken eguna. 

Iaz antolatu zuen aurrenekoz paella txapelketa Sarek, eta epaimahaiaren aburuz, Katxok, Inaxiok, Egik eta Bentatxok prestatu zuten paellarik goxoena. 

Elkartasun kroseko izen-ematea

Sare Egunean egingo duten kroserako izen-ematea ere zabalik dago jada, Interneten nahiz herriko dendetan.  Interneten, Kirolprobak.com webgunean, eman daiteke 5,6 kilometroko ibilbidea izango duen lasterketerako izena, maiatzaren 18ra arte. Azpeitian Orkatzen, Aitzaki kirol dendan eta Igerilekuan eman daiteke kroserako izena. Azkoitian, aldiz, Elkargunean egin daiteke izen-ematea. 

Dortsalak 10 euro balio dute aurrez, eta 12 euro egunean bertan.

Berrikuntza bat ere iragarri du Azpeitiko Sarek kros herrikoiaren bueltan. Izan ere, lehen aldiz kros txikia ere antolatu dute, umeei zuzenduta.