ISBk autobusa antolatu du Sammicen ligako azken partidara joateko

Uztarria.eus 2018ko api. 25a, 13:31
Sammic Urrezko LEB Ligara igo zenean ere ondoan izan zituen zaleak. (ISB)

Sammic ISBko mutilek Araberri izango dute aurrez aurre ostiralean, Gasteizen. Ligako azken partida izango da, "erabakikorra" Urrezko LEB Ligan jarraitu ahal izateko. Autobuserako izen-ematea 10 euro ordaindu beharko da, sarrera barne. 15 urtez azpikoek, aldiz, 5 euro ordaindu beharko dute. Bihar, osteguna, itxiko da izen-ematea. "Behar adina autobus" antolatzeko pronto dago ISB.

Sammic ISBk Espainiako Urrezko LEB Ligako azken partida jokatuko du ostiralean Araberrirekin aurka, 21:00etan hasita, Gasteizen. Mailari eusteko "erabakikorra" izango da ostiraleko partida, eta horren jakitun, klubeko talde nagusiari babesa emateko joan-etorria egiteko autobusa antolatu du Iraurgi SBk. Klubetik jakinarazi dutenez, "taldea babesteko zaleentzat behar adina autobus "prestatzeko pronto dago ISB. 

Autobusak Azpeitiko kiroldegi aurretik irtengo dira 19:00etan, eta handik Azkotira joango dira. Azkoitiko Eroski saltoki txikiaren autobus geltokian geldialditxoa egingo dute, eta gero, Gasteiza joango dira zuzenean.

Izen-ematea eta prezioak

Autobuserako izen-ematea 10 euro ordaindu beharko da, sarrera barne. 15 urtez azpikoek, aldiz, 5 euro ordaindu beharko dute. Izena ematea bi modutara egin daiteke: Azpeitiko kiroldegiko harrerara bertaratuta eta 675-70 70 10 zenbakira deituta. Izen-ematea bihar eguerdian itxiko dute.  

Joan zen ostiralean ere partida garrantzitsua jokatu zuen Sammicek etxean. Zaleek ez zieten hutsik egin orduan, eta goraino bete zuten Azpeitiko kiroldegia. Hitzordu hura aprobetxatu zuten Ibon Guridi kapitaina agurtzeko. Izan ere, hamar urte lehen taldean eman ostean, saskibaloia utziko zuela jakinarazi zuen Guridik. Afizioak omenaldi beroa egin zion jokalari azpeitiarrari. Pare bat bertso ere abestu zizkioten kiroldegian bildutako zaleek.