Euskadiko Batel Txapelketa irabazi dute Leire Ibarrek eta Maren Caballerok kadete mailan

Uztarria.eus 2018ko api. 24a, 18:21

Leire Ibar eta Maren Caballero arraunlari azpeitiarrak Euskadiko Batel Txapelketa irabazita itzuli dira herrira. Joan den igandean, apirilaren 22an, jokatu zen txapelketa Legutioko urtegian, eta azpeitiarrek kadete mailan hartu zuten parte. Zumaiako Telmo Deun arraun elkarteko kideak dira Ibar eta Caballero, eta Zumaiako taldearekin lortu zuten garaipena, estropada ona egin ostean. Sailkapenean 7:39:05 denborarekin nagusitu ziren Telmo Deuneko neskak, eta bi segundo eta erdiko aldea atera zioten bigarren sailkatuari, Hibaikari, hain zuzen. Orioko neskak sailkatu ziren hirugarren eta laugarren postuan gelditu zen Getariako taldea.

Argazkia: Zumaiako Telmo Deun arraun elkarteko emakumezko kadete neskak, Euskadiko Txapelketatik bueltan. Leire Ibar (goian, ezkerretik bigarrena) eta Maren Caballero (behean, ezkerretik aurrenekoa).