Lehen aldiz hiriburuetatik aterata, Azpeitian izango da Bertso Derbia ostiralean

Uztarria.eus 2018ko api. 24a, 17:33

Realeko eta Athleticeko gizonek zapatuan Anoeta futbol zelaian jokatuko dute derbiaren atarikoa izango da ostiraleko bertso saio berezia. 22:00etan hasiko da, eta Reala ordezkatuko dute Maddalen Arzallusek, Amets Arzallusek eta Andoni Egañak. Athletic, berriz, Angel Mari Peñagarikanok, Etxahun Lekuek eta Jone Uriak. Gonbidapenak beharko dira aretora sartzeko, eta horiek kulturaz.eus webgunean edo Sanagustin kulturgunean eskura daitezke.

Bertso Derbiaren XI. edizioa Azpeitiko Soreasu antzokian izango da ostiralean. Hain zuzen ere, Realeko eta Athleticeko gizonek zapatuan Anoeta futbol zelaian jokatuko duten derbiaren atarikoa izango da ostiraleko bertso saio berezia. 22:00etan hasiko da, eta Reala ordezkatuko dute Maddalen Arzallusek, Amets Arzallusek eta Andoni Egañak. Athletic, berriz, Angel Mari Peñagarikanok, Etxahun Lekuek eta Jone Uriak. Sarrera doakoa izango da, baina gonbidapenak beharko dira aretora sartzeko, eta horiek kulturaz.eus webgunean edo Sanagustin kulturgunean eskura daitezke.

Realaren eta Athleticen fundazioek, Lankuk, Kulturaz kooperatibak eta Azpeitiko Udalak antolatu dute saioa, eta lehen aldiz hiriburuetatik aterako da. Izan ere, Bertso Derbiaren orain arteko edizio guztiak Donostian eta Bilbon egin dituzte. Realaren fundazioko kide Joseba Ibarburuk azaldu duenez, "oso gustura" atera dute egitasmoa Donostiatik, sei urteren ostean. Hain zuzen ere, duela sei denboraldi hasi ziren saioa antolatzen, "kirola eta kultura, futbola eta euskara nahiz lehia eta batasuna" uztartzeko helburuz. Zapatuko derbiari erreferentzia eginda, hark gogoratu du Reala Athleticen aurretik dela sailkapenean. "Apustuetan, ziurrenik, Reala aurretik izango da, baina zein izango da faborito bertsotan? Guk bi txapeldun ditugu eta Maddalen izango da kapitaina", esan du. Ibarburuk saltsa piztu nahi izan du esan horrekin; izan ere, ezin izan dute aurkezpenean izan Athletick Fundazioko ordezkariek.

Aitor Bengoetxeak hartu du hitza Kulturaz kooperatibaren izenean, eta hark adierazi du "gustura" hartu zutela Bertso Derbia Azpeitian egiteko gonbidapena. "Esker handiz jaso dugu deialdia, iaz azken orduko kontu batzuk tarteko, ezin izan baikenuen saioa Azpeitian egin". Bengoetxeak ere azpimarratu du Bertso Derbiaren antolatzaileek emanaldia hiriburutik ateratzeko egindako keinua: "Lurraldetasuna landu behar da kirolean eta kulturan ere". Hark "joko garbiaren" alde egin eta "saio polita" izatea espero duela esan du.

Azpeitiko Udaleko Kultura batzordeburu Josu Labakak ere esker hitza izan ditu Bertso Derbia Azpeitian egitea posible izatea ahalbidetu duten guztientzat. "Guretzat ekitaldi erakargarria da. Azpeitian Realzale asko dago, eta Athleticen zale batzuk ere bai; eta bertsozaleak ere asko dira. Hark gogorarazi du euskaraz bizi den herria dela Azpeitia, eta esan du Bertso Derbia euskararen hiriburura datorrela. "Gainera, bertsoen Landetako unibertsitatea ere bertan daukagu, eta gaur bertsotan beste era batera egiten bada ere, zaletasun handia dago herrian. Guretzat beti da pozgarria euskal kultur adierazpideei babesa ematea eta horiek hemen hartzea", gaineratu du. Hori dela eta, herritarrei eta "herritar ez direnei" saiora bertaratzeko gonbidapena egin die zinegotziak, bertsoa "beti da-eta derbi" Azpeitian.

Aurkezpen ekitaldiari bukaera Angel Mari Peñagarikanok eta Maddalen Arzallusek eman diote, hain ondo dakiten moduan, bertsotan.