Bukatzear dira Izaroren kontzerturako sarrerak

Uztarria.eus 2018ko api. 24a, 14:13

Bukatzear daude Izaro Andres bakarlariak maiatzaren 4an Sanagustin kulturgunean eskainiko duen kontzerturako sarrerak. Data hori iristeko bi asteren faltan, orotara, 40 sarrera daude eskuragarri. Sanagustin kulturgunean zein kulturaz.eus-en eros daitezke sarrerak. Kultur Bonoa duten herritarrek hura erabiltzeko aukera izango dute. 

Eason izeneko diskoa aurkeztuko du Izarok Sanagustin kulturgunean, 22:00etan hasita. Mallabiako artistaren bigarren diskoa da Eason. Kulturaz kooperatibaren hitzetan, "bakoitzak geure burua aurkitzeko gonbidapen bat izango da Izaroren zuzenekoa".

2014an hasi zuen ibilbide musikala Izaro Andresek, Om diskoarekin. Lehen disko hartan jasotako abestiak Azpeitira ere ekarri zituen Izarok, Katapulta Tour biraren barruan eskaini zuen kontzertuan. Orain, azken lana aurkeztera dator.