Denbora: zenbat eta zertarako?

Uztarria.eus 2018ko api. 24a, 13:43
Leire Etxaniz.

Azpeitiko Udalak emakumeen eta gizonen denbora erabileraren gaineko azterketa egingo du. Lan horren helburua da denboraren erabilerak herrian zer ezaugarri dituen jakitea, ondoren berdintasun ikuspegia ezarri eta emaitzen azterketa egiteko.

Azpeitiko Udalak emakumeen eta gizonen denbora erabileraren azterketa egingo du datozen hilabeteetan. Hainbat fasetan egingo dute ikerketa, eta datu bilketa egiteaz gain, lanaren xedea da herritarrak gaiaz sentsibilizatzea eta haiei gogoetarako bide ematea. Leire Etxaniz (Azpeitia, 1978) udaleko Parekidetasun zinegotzia da, eta harekin hitz egin du azterketaz Uztarriak.

Zer dela-eta egingo duzue orain denboraren erabileraren gaineko azterketa?

Azken urteetan, ekonomia krisiaren aitzakia erabilita, eskubide urraketa ugari izan da jendartean. Gainera, testuinguru hori aitzakiatzat erabilita, emakumeen egoerak nabarmen egin du okerrera. Emakume asko eta asko dira ibilbide akademiko eta profesionalak alde batera utzi eta bizitzaren oinarrizko sostengu lanak egin beharrean aurkitu direnak. Horiek, gainera, oraindik eta oztopo gehiago aurkitu dute aisiaz gozatzeko.

Martxoaren 8ko protestetan, hain zuzen ere, hori izan zen aldarrietako bat: emakumeak zaintza lanetan duen ardura.

Bai. Milaka emakume atera ginen kalera askotariko zapalkuntzak salatzera, eta egungo sistema honi planto egitera. Horrek esan nahi du badagoela zer egin.

Zehazki, zer lortu nahi duzue azterketarekin?

Gizonen eta emakumeen denbora erabileraren errealitateak Azpeitian zer ezaugarri dituen aztertu nahi dugu. Udalak parekidetasunaren aldeko apustu garbia du egina, eta, beraz, gure ardura da egoera aztertzea eta errealitate hori aldatzeko baliabideak eskaintzea. Denboraren erabilera aztertuta jakingo dugu argi eta garbi bizitzaren sostengurako ezinbestekoak diren zaintza lan horiek nortzuk egiten dituzten. Emaitzen azterketa egingo dugu berdintasun ikuspegia txertatuta, baina, bide batez, herritarrak sentsibilizatu nahi ditugu, denboraren erabilera bidezkoa izan dadin lan ildoak finkatzeko.

Azpeitia aitzindari izango da horrelako ikerketei dagokienez; izan ere, ez dira tokian tokiko denboraren erabilerari buruzko ikerketa asko egin.

Eustatek eta INEk egin izan dituzte denboraren erabilerari buruzko azterketak, baina herrietan, oker ez banago, halakorik ez da egin gaurdaino. Beste zentzu bat eman eta eduki bat txertatu nahi diogu azterketari; izan ere, herritarren arteko hausnarketa bultzatzeko baliatu nahi dugu lana, izan etxekoekin, lagunekin, senideekin, aldamenekoarekin edo nork bere buruarekin. Asko dugu gaiaz hausnartzeko, eta prozesu garrantzitsua izango dela uste dut.

Nolakoa izango da azterketaren emaitzak eskuratu bitarteko prozesua?

Lehenik, datozen asteetan, sentsibilizazio fasea egingo dugu. Elhuyarrek egingo du azterketa, eta enpresa horretako kideak herriko eragileekin elkartuko dira haiei proiektua ezagutarazteko. Ondoren, maiatza eta ekaina bitartean, herritarrei inkestak egingo dizkiete, herriko errealitatea ezagutzeko eta datuak biltzeko. Gaia gizarteratzeko hainbat egitasmo ere egin nahi dugu Azpeitiko Emakumeen Mahaiarekin. Udarako datuak bilduta izatea aurreikusten dugu, eta orduan hainbat espazio zabalduko da gogoetak eta proposamenak egiteko. Gero udalak egin beharko du gogoeta, politika publikoetan zer egin aztertzeko. Datorren udazkenerako edo negurako espero ditugu ikerketaren emaitzak