Bizitzaren zaintzaile

Uztarria.eus 2018ko api. 24a, 13:06

Apirileko Uztarria herri aldizkaria osorik irakur daiteke dagoeneko webgune honetan, PDF formatuan (hemen). Aldizkariaren 204. zenbaki horretan zaintza lanetan ari diren hainbat herritarren lekukotzekin osatu dute erreportaje hau Ihintza Elustondo eta Julene Frantzesena kazetariek.

Adina, gaixotasunak edo bestelako arrazoiren bat tarteko, lehenago edo beranduago edonori tokatuko zaio inguruko norbait zaindu beharra, edo gutxienez, haren zaintzaren inguruko erabakiren bat hartu beharra. Bizitzaren legea da hori, saihetsezina.

Asko eta asko dira zaintza lanetan aritzen diren herritarrak; ogibidez batzuk, eta gertukoei laguntzeko helburuarekin besteak. Haietako gehienak emakumeak dira oraindik, nahiz eta gero eta gehiago diren zeregin horietan aritzea erabakitzen duten gizonak. Baina, gaur-gaurkoz, isileko izaten jarraitzen dute zaintza lanek; gizartea sostengatzeko ezinbesteko diren arren, zaintzaile asko ikusezinak dira, haien lanak ez baitu behar bezalako aitortzarik gizartean.

Zaintza lanetan aritzen diren hainbat herritarrekin hitz egin du Uztarriak.

Etxez etxeko langileak

Azpeitiko Udalak martxan jarritako etxez etxeko zerbitzuan lanean ari dira urteetan Kontxi Artola (Azpeitia, 1960), Amaia Larrañaga (Azkoitia, 1966) eta Josune Aldalur (Azpeitia, 1969). Astelehenetik ostiralera, orduka antolatuta, 07:00etatik 21:00etara lan egiten dute, eta gaueko txandan beste zenbait langile aritzen dira. Adinagatik edo bestelako arazoengatik laguntza behar duten herritarrei eguneroko zereginetan laguntzen diete: ohetik jaikitzen, gosaltzen, dutxatzen, sendagaiak hartzen...

Egunean, lau-bost-sei etxetatik pasatzen dira hiru langileak, eta, gehienetan, 45 minutuko zerbitzuak eskaintzen dituzte. Askotan, lana ondo egiteko nahi baino denbora gutxiago izaten dutela diote. "Egin beharrekoak azkar egin eta erabiltzailearekin hitz egiteko ia denborarik hartu gabe, presaka beste etxe batera alde egin behar izaten dugu". Atea itxi, txipa aldatu eta beste bat zabaltzen dute. "Azpeitiko langilerik azkarrenak gu gara", adierazi du Artolak.

Eguneko zerbitzua eskaintzen duten hogei langileak emakumeak dira, eta ez dute uste hori kasualitatea denik. Diotenez, gizonezkoak ere aritu izan dira kurtsoak egiten, baina gero ez dute lanean segitu. "Gizon batek nirekin egin zuen kurtsoa, baina gero lanean hasi zen, eta esaten zuen ezin zuela, jendeak nahiago zituela emakumeak", azaldu du Aldalurrek. "Beti entzun izan dugu: 'Emakumeak hobeto egingo du, gizonak ez daki eta'", erantsi du Larrañagak. "Zaintza gurea da", ondorioztatu du Artolak.

Beraiena "lan polita" dela dioten arren, alde gogorrak ere badituela azaldu dute. Batetik, indar lan asko egin behar izaten dutela nabarmendu dute, gaixoak ohetik jaikitzerakoan nahiz haiei oheratzen laguntzerakoan. "Badirudi indarra gizonezkoek bakarrik dutela, baina guk ere zerbait badaukagu", adierazi du Artolak. Horrez gain, gaixoak galtzea gogorra egiten zaiela azpimarratu dute. "Lehenago edo beranduago hil egiten dira, eta sekulako kolpea izaten da hori". Denborarekin lehen bezainbeste eragiten ez dien arren, beti izaten dela "belarrondokoa" esan dute.

Lana ondo egiteko sekreturik ez dagoela uste du Aldalurrek. "Azkenean, zuk goxo hartzen badituzu, denborarekin ikasiko duzu lana ondo egiten. Ez da hain garrantzitsua jakitea postura honetan atera behar duzun ohetik edo beste era horretan...". Guztiek nabarmendu dute "sekula" ez dutela arazorik izan inorekin. "Zaintzen ditugun pertsonak maitatzera iristen gara, eta beraiek gu maitatzera ere bai. Azkenean, gure familiakoak bezalaxe bihurtzen dira", azaldu du Aldalurrek.

Hiru langileek diote erabiltzaileek asko eskertzen dutela beraien lana, baina sozialki ez dela gauza bera gertatzen nabarmendu dute. "Ipurdiak garbitzen ibiltzen diren horiek gara gu. Baina uste dugu hori baino zerbait gehiago egiten dugula", esan du Artolak.

Etxeko zaintzailea

2012an iritsi zen Nikaraguatik Azpeitira Erika Vanegas (Ocotal, Nikaragua, 1981). Caritasen bitartez hasi zen lanean, eta harrezkero, adineko herritarrak zaintzen egiten du lan, beren etxean egun osoz. "Azpeitira 2012ko irailean heldu nintzen, eta 2013ko urtarrilean hasi nintzen lanean. Lanean eta bizitzen, hemen gelditzea erabaki nuen".

"Herri lasaia" denez, Azpeitia "asko gustatzen" zaiola dio Vanegasek. Gainera, Azpeitian lan egin duen familietan "oso ondo" hartu dutela esan du. "Aurretik zaindu nuen adinekoaren sendiaren bidez hasi nintzen gaur egun egiten dudan zaintza lanean. Aurreko familia hartan zaintzen nuen adinekoa hil zenean, hala esaten nion neure buruari: 'Azpeitian aurkitu nahi dut lana berriz ere'". Adinekoak zaintzea "atsegin" duela dio nikaraguarrak: "Haurrak bezalakoak dira adinekoak, eta pazientzia behar da. Zaindu eta goxatu egin behar dira. Eta batzuetan kalera irtetera bul-tzatu behar dira, bestela ohean geldituko lirateke-eta egun osoan".

Lanean hasi zenetik, etxeetan adinekoak zaintzen aritzen da Vanegas. "Beti horretan aritu izan naiz, eta ez zait batere gogorra egin horrela lan egitera ohitzea. Beno, hasieran bai, baina ja ohitu naiz, zer erremedio!", azaldu du. Bere egitekoa zaintzen duen adinekoa egun osoan eta osotasunean zaintzea dela dio. Astegunetan ordu batzuk izaten ditu libre egunero, eta larunbat eguerditik igande gauera ere jai izaten du. "Gustura nago, lagunekin egoteko, paseatzeko edo lasai egoteko aprobetxatzen ditut asteburuak".

Zainketa lanak baloratzen direla uste du Vanegasek, eta bera "zoriontsu" dela azaldu du. "Etorri nintzenetik gustura bizi naiz. Beti ondo tratatu naute familietan, eta hori da garrantzitsuena. Ez dut arazorik izan". Azpeitira etortzerako bazekien zaintza lanetan aritzeko aukera izan zezakeela; izan ere, hark dioenez, Nikaraguan ja esan izan zioten halako edo bestea umeak edo adinekoak zaintzen aritzen zela Euskal Herrian. "Kontzientzia hartuta etorri nintzen Azpeitira", azaldu du.

Nikaraguan familia du Vanegasek, eta Azpeitira etorri zenetik bitan joan da hara familia bisitatzera. Beharbada, gogorrena horixe egiten zaio; han familiarekin egon, haiek utzi eta Azpeitira itzultzea. Izan ere, hiru seme-alaba ditu han, eta bere amarekin bizi dira. "Gogorra da horrela bizitzea, baina ez dago besterik. Nikaragua garestia da eta soldatak oso baxuak dira. Hona etorri izan ez banintz, seme-alabek ezingo zuketeen unibertsitatean ikasi".

Dena den, Nikaraguako hainbat emakume bizi da Azpeitian, eta haiekin harremana duenez, beren herrialdearekin duten lotura horri "eusten" diotela esan du. "Lagun bat, adibidez, Azpeitian bizi da. Beste asko ez nituen ezagutzen, baina hemen egin dut haiekin harremana". Argi du Vanegasek: "Osasuna eta lana ditudan bitartean, aprobetxatu egin behar dut. Hemen jarraitu nahi dut, batere zalantzarik gabe".

Gurasoen zaintzaileak

Hamabi seme-alaba izan zituen Monika Etxenagusiak (Errezil, 1928), eta haiek zaintzen eman ditu urte asko eta asko, bakoitza ahalik eta ondoen hazteko eta hezteko ahaleginean. Denbora luzez Manuel Iturria senarra izan zuen ondoan, baina duela hemezortzi urte hil zen hura. Azpeitian bizi da Etxenagusia duela 53 urtetatik, eta, egun, 89 urte ditu. Duela gutxi arte oso autonomoa izan bada ere, zenbait gauzatarako laguntza behar du egun, eta hainbeste urtean eman eta eman aritu ostean, seme-alaben laguntza jasotzen ari da orain.

82 urte zituela, tronbo bat izan zuen hankan, eta, ordutik, galtzerdi estu batzuk jantzi behar izaten ditu goizero-goizero, eta oheratzerakoan kendu. Horretarako, ordea, laguntza behar du. Gero, herpes zoster baten ondorioz, aurpegiko paralisi bat izan zuen, eta harrezkero, oreka arazoak ditu bakarrik ibiltzeko. Egoera berri horren aurrean, familiak erabaki zuen ama zaintzeko elkarren artean moldatzea. Beraz, erabaki zuten Azpeitian bizi diren alabek txandaka amaren e-txean lo egitea. Alaba horietako hiru dira Mari Jose Iturria (Errezil, 1961), Balbi Iturria (Errezil, 1954) eta Lurdes Iturria (Errezil, 1958).

Ama umoreko eta sasoi oneko dago, eta memoria ere, alabek baina hobea du, haien esanetan. Baina badaezpada, ez dute bakarrik uzten. "Nik uste dut bera ere lasaiago dagoela horrela", adierazi du Mari Josek. Goizean, gaua etxean pasatu duen alaba joatean, Balbik hartzen du amarekin egoteko ardura. Bien artean etxeko lanak egin eta bazkaria prestatzen dute, eta, egunero, mahaia bete lagun elkartzen dira bazkaltzeko Etxenagusiaren etxean. "Gaur ere, eltzekada babarrun prestatu dugu, odolki eta guzti", bota du umoretsu hark.

Arratsaldean, berriz, alaba batekin ez bada bestearekin, pasierara irteten da, eta, ondoren, karta jokoan aritzen da lagunekin, Sanjuandegiko jubilatuen elkartean. Eguna "oso entretenituta" pasatzen duela dio Etxenagusiak. Gauean, beste ahizpa batek hartzen du amarenean lo egiteko lekukoa, eta amak azaldu du, telebista pixka bat ikusi eta "lasai-lasai" lo egiten duela. Asteburuak ere familiarekin pasatzen ditu, eta igandeetan jaioterrira, Errezilera, joaten da bazkaltzera.

Iturria ahizpek diote ez dutela inolako arazorik izan ardura horiek banatzerakoan. Gainera, ez zaie amak lanik ematen dienik iruditzen. "Guretzat egiten duguna ez da lana. Berari oraindik eskertzen ari gara ematen digun dena".

Amak beraiengatik egin duen guztia eta gero, betebehar bat dela iruditzen zaie hura zaintzea. "Gure sortzailea izan zen, eta hori ezin diogu eskertu. Egin dezakegun gutxienekoa da bera zaintzea. Barrutik ateratzen zaigu, gainera. Eta hala ere ez diogu eskertuko gugatik egin duen guztia", azaldu du Lurdesek. Amak ere, irribarrea ahoan, esker hitzak baino ez ditu: "Asko estimatzen diet nigatik egiten ari direna".

Bilobak zaintzen

Lau biloba ditu Gloria Odriozolak (Azpeitia, 1945). Haren seme batek bi seme dauzka, 10 eta 8 urtekoak, eta beste semeak, alaba eta seme bana, 9 eta 4 urtekoak. Haietako bakoitzaren urtebetetze eguna ondo gogoan du Odriozolak. "Horiek ez zaizkit ahazten, asko maite ditut eta".

Tarteka haiek zaintzen aritzen da amona. Batez ere, seme zaharraren umeak zaintzen ditu. "Eguerdietan, ikastolan jaso eta etxera eramaten ditut, eta denok elkarrekin bazkaltzen dugu, beraien etxean. Batzuetan, bueltan ikastolara eramaten ditut, eta, tarteka, musika eskolara ere bai. Kotxea daukat, eta poliki-poliki, moldatzen naiz".

72 urte ditu Odriozolak, eta bakarrik bizi da. Duela 35 urte galdu zuen senarra, seme zaharrenak 10 urte eta gazteak 7 zituztela. Egun, bizkarrezurrean izan zuen arazo bat tarteko, "lehen bezain bizkor" ez dagoela dio. Hala ere, ahal duen neurrian bilobei laguntzen saiatzen da. "Nahi nuke gure ume horiekin egoten jarraitu. Horiek ikustean oso pozik sentitzen naiz. Beraiek bizitzeko poz handi bat dira niretzat".

Ez zaio iruditzen lan handia denik egiten duena. "Oso motibatuta nago horrekin, plan polita da. Bestela, besaulki handi batean edo ohean etzanda egongo nintzateke geldi-geldi, eta horrek kalterik ez dit egiten. Ez naiz nekatzeko tamainan ibiltzen. Beraiek ahal dutenean moldatzen dira, eta ezin dutenenean, lagundu egiten diet. Baina lanik ez dit eskatzen. Oso pozik egiten dut, gainera".

Berez, Odriozola joaten da bilobak zaintzera, baina umeek zera esaten diote amonari: "Guk lagunduko dizugu, amama". Izan ere, bizkarrezurreko ebakuntza eta gero, zenbait muga ditu Odriozolak. Besteak beste, kostatu egiten zaio zapatak janztea, eta bilobek laguntzen diote horretan. "Gainontzean, bakarrik moldatzen naiz, afaria egiteko eta. Bizkarrezurrekoa gertatu zitzaidanean, pentsatzen nuen: 'Karga bat izango naiz nire semeentzat!'. Eta hori ez nuen nahi. Orain, tartean-tartean, mina edukitzen dut, baina moldatzen naiz. Horrenbeste izango nintzenik ez nuen uste. Asko maite ditut bilobak, eta beraiek ere bai ni, eta maitasun horrek uste dut asko lagundu didala".

Egiten duena asko eskertzen diotela azaldu du Odriozolak. "Ondo eskertutakoa naiz. Eta zerbaitetan laguntza behar dudanean –askotan behar izaten dut, lan bat egiteko edo azkazalak mozteko edo–, nola seme batek hala besteak, beti laguntzen didate. Semeekin hartu eman oso-oso ona daukat txiki-txikitatik".

Seme-alaben zaintzailea

Gauzak asko aldatu badira ere, gaur egun, oraindik ere, ez da ohikoa aitak hartzea seme-alaben zaintzaren ardura. Dena den, badira hautu hori egiten duten bikoteak, eta duela hogei urte seme-alaben zaintzaren ardura hartu zuen aita horietako bat da Aitor Sorazu (Azkoitia, 1971). "Emaztea haurdun gelditu zenean langabezian nengoen. Emaztea lanean ari zen, eta erabaki genuen nik zainduko nituela umeak".

Emaztearen lan egoera "egonkorragoa" zelako eta Sorazuk berak umeen zaintzaz arduratu nahi zuelako hartu zuten erabaki hori: "Betidanik gustatu zaizkit umeak, eta neure seme-alabak beste norbaiten esku utzi beharrean, neuk hartu nuen haiek zaintzeko ardura".

Lau seme-alaba ditu Sorazuk, eta horien guztien zaintzaz bera arduratu da. Hark dioenez, "oso gustura", gainera. "Lehen umea duela hogei urte jaio zen, eta ordutik hona, haiek zain-tzen aritu naiz". Dena den, duela urte batzuk lanean hasi zen arratsaldez, eta gero egun osoz, seme-alabak "ja kozkortuta" zeudelako. "Lanean hasita ere, umeen zaintza ez nuen alde batera utzi. Lau umeak jaio eta gero hasi nintzen kirol arduradun lanetan, eta goizetan lau umeak esnatu, jantzi, haientzat gosaria prestatu... Eskerrak zaharrenak pixka bat laguntzen zidan", dio barre artean: "Baina moldatzen ginen".

Seme-alaben zaintzan murgiltzea ez zitzaion gogorra egin Sorazuri, nahiz eta haurren zaintza egun osokoa, "esnatzen direnetik lo hartzen dutenera artekoa", dela nabarmendu duen.

Azkoitiarrak azaldu duenez, umeen zaintzaz arduratu zen aldiak "sekulako poza" sentiarazten dio: "Beteta sentitzen naiz, nahi nuen zerbait egin nuela sentitzen baitut. Ondo sentitzen naiz, umezalea naizelako eta seme-alabak hazten ikustea gauza ederra delako".

Sorazuk dio zaintza lanak "emakumeekin" lotzen direla askotan, baina gizonak ere lan horietan aritu izan direla: "Pentsa, ezagun batzuek esan izan zidaten: 'Jo, zeinen ondo umeak zaintzen, inbidia ematen didazu'. Baina pasatzen dena da denek ez dutela hori egiteko aukera. Halere, uste dut, nahi izanez gero, edonork egin dezakeela, urte batzuetako kontua baita". Haren ustez, gaur egun, gero eta gizon gehiago ikusten da umeekin, eta gero eta gehiago dira umeen zaintza lanak partekatzen dituzten bikoteak.

Zaintza lanak ez daudela baloratuta uste du Sorazuk. "Urte pila batean hainbat emakume aritu da zaintza lanetan –oraindik ere ari dira–, eta ez da baloratu batere. Gerora ari gara ikusten zer lan eskatzen zaintzak. Jendea bere inguruan tokatzen zaionean konturatzen da zer lan dagoen atzean; 24 orduko lana da, gelditzeko astirik ematen ez duena eta bukatzen ez dena". Hark dioenez, etxeko lanekin ere antzeko zerbait gertatzen da. "Norbaiti ordaindu behar diozu lan horiek egin ditzan edo zeuk hartzen duzu ardura. Eta lan horiek zeuk egitea erabakitzen baduzu, urte horiek, nolabait 'galdu' egiten dituzu. Baina egin duzuna lana da, ordaindu gabeko lana, ordea. Neuk egin badezaket, zergatik hartu behar dugu norbait lanok egiteko? Gehiago balio al du norbait soldatapean kontratatzeak?". Sorazuk dio lan horiek "norbaitek" egin egin behar dituela nahitaez, eta "baloratu" egin behar direla uste du. "Gaur egun zaintza lanetarako denon beharra dago".