Hasi da hitzaldiz betetako astea

Uztarria.eus 2018ko api. 23a, 12:41

Askotariko solasaldiak izango dira gaurtik ostegunera bitartean. Guztira, 11 hitzaldi izango dira, eta horietako batzuk emango dituzte Iratxe Retolazak, Leire Ibargurenek, Idoia Zabaletak, Koldo Izagirrek, Garbiñe Aranburuk eta Mikel Reparazek.

Hitzaldirik ez da faltako aste honetan herrian; izan ere, gaur hasi eta osteguna bitartean, askotariko gaiez hainbat solasaldi izango da batean eta bestean. Hainbat eragilek antolatuta, 11 hitzaldi izango dira guztira, egun eta ordu berean horietako batzuk. Saio horiek Gaztetxeak, Dinamoak, Orkatz kultur elkarteak eta Munohaundi elkarteak antolatu dituzte, besteak beste.

Gaur, astelehena

  • 18:00. Iratxe Retolazak Literatura, kontsumo kulturala ala sormenaren kultura? solasaldia eskainiko du Gaztetxean, Gazte Astearen barruan.

Bihar, asteartea

  • 18:00. Luismi Huartek hitzaldia eskainiko du Venezuelako proiektu komunala izenburupean, Gaztetxean, Gazte Asteko egitarauaren barruan.
  • 18:00. Literatura solasaldia izango da Leire Ibargurenen Laura esaten zioten liburuaz, liburutegian.
  • 19:00. Azalaren izenean hitzaldia eskainiko du Idoia Zabaleta Lasierrako (Araba) Azala espazioaren sortzaileak, Dinamoa sorgintza gunean.

Asteazkena, hilak 25

  • 18:00. Kapital akumulazioa eta turismoa Donostian solasaldia izango da Gaztetxean, Gazte Astearen barruan, eta Hotel+ez kolektiboko kideek hartuko dute hitza.
  • 19:00. Koldo Izagirrek Urola, indar trantsizioa solasaldia eskainiko du Dinamoa sorgintza gunean.
  • 19:00. Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak solasaldia emango du Sanagustin kulturgunean, Orkatz kultur elkarteak antolatuta.

Osteguna, hilak 26

  • 18:00. Euskal Herriko langile mugimenduaren historia solasaldia eskainiko du Jon Kortazarrek. Gaztetxean izango da hitzaldia, Gazte Astearen barruan.
  • 19:00. Sormena zertarako, eta nola? mahai-ingurua eskainiko dute Ane Agirrek (Tabakalera), Oskia Ugartek (Huarte Zentroa) eta Ixabel Milletek (Borderline Fabrika), Dinamoa sorgintza gunean.
  • 19:00. Mikel Reparaz kazetariak Trumpen Amerika munduaren aurrean solasaldia emango du Munohaundi elkarteak antolatuta. Sanagustin kulturgunean izango da.