Alfonso Silvak irabazi du XXIV. Gipuzkoa Klasika

Uztarria.eus 2018ko api. 22a, 16:48

Gipuzkoa Klasika junior mailako txirrindularitza proba jokatu dute gaur Azpeitian, eta Alfonso Silva portugaldarrak irabazi du lasterketa. 108,5 kilometroko ibilbidea egiteko, bi ordu, 31 minutu eta 12 segundo behar izan ditu irabazleak. Haren atzetik, Josu Etxeberria nafarra sailkatu da; 35 segundo geroago iritsi da helmugara. Hirugarren postuan, berriz, 43 segundura, Iñaki Diaz tolosarra sailkatu da; Limousin taldeko txirrindularia da bera.

Mendian ere Alfonso gailendu da; sprintean, berriz, Barrenetxea; eta, taldeka, Portugalgo selekzioa gailendu da. Aurreneko gipuzkoarraren saria Diazek eskuratu du, eta lehen euskal herritarraren garaikurra, berriz, Etxeberriak.

Antton Oñederra gogoan

10:30ean abiatu dira txirrindulariak Zelai Luzetik, eta proba hasi baino lehen, Antton Oñederra omendu dute. Joan den asteazkenean hil zen Azkoitiko Peña Elorza txirrindulari elkarteko arduraduna, eta haren senitartekoei agurra egin eta loreak banatu dizkiete proba hasi baino lehen. Horrez gain, haiek moztu dute irteera puntuko zinta.

Guztira, 166 lagunek parte hartu dute gaurko lasterketan, eta Azpeititik, Zestoatik eta Errezildik igaro dira txirrindulariak. Lehen txirrindulariak 13:15 aldera helmugaratzea espero zuten antolatzaileek, baina uste baino baldintza hobeak izan direnez, ordu laurden lehenago helmugaratu da aurrena. Probako batez besteko abiadura 43,5 kilometro ordukoa izan da.

Lagun Onak txirrindulari elkarteak antolatu du proba, Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioarekin elkarlanean eta Azpeitiko Udalaren laguntzarekin. Lagun Onakek gaurko probaren balorazio “oso positiboa” egin du.