Oihana Labiano eta Imanol Albizu "oso gustura", Eskolarteko Bertso finalean egindako saioarekin

Uztarria.eus 2018ko api. 21a, 11:42

Gipuzkoako Eskolarteko bat-bateko 38. Bertso Txapelketaren finala atzo jokatu zuten Lasturren (Deba), eta Oihana Arana eskoriatzarrak jantzi zuen txapela, iazko garaipena berretsiz; bigarren sailkatu zen Aner Peritz Euzkitze zarauztarra. Eskoriatzarrarekin eta zarauztarrarekin batera ziren oholtzan kantuan Oihana Labiano eta Imanol Albizu azpeitiarrak ere, baina lehen bi irabazleez gain, ez dute gainontzeko bertsolarien sailkapenaren berri ematen. Labianok Uztarriari adierazi dionez, "oso gustura" daude atzo egindako saioarekin: "Izugarrizko giroa egon zen bertso afarian. Saioa ikustera joandako jendearen aldetik egundoko berotasuna sentitu genuen, eta finala oso bixia izan zen. Guztiok oso gustura aritu ginen bertsotan, eta esango nuke oholtzan kantuan geunden inork ez duela damutzeko arrazoirik egindako lanarekin. Oso sentsazio onarekin geratu ginen zortzirok". Adierazpen horiez gain, Labianok gaineratu du atzokoak "ez" zirudiela finala zenik: "Saioa jantoki batean izanik, askoz ere goxoagoa da, eta zentzu horretan geu ere askoz ere lasaiago aritu ginen". 

Lasturren antolatutako Gipuzkoako bertso eskoletako gazteen egonaldiaren barruan jokatu zuten atzo finala, eta gisa horretan, lehen bi sailkatuek ekainaren 9an Saran jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko finalerako txartela erdietsi dute. Otsailaren 12an hasi zen txapelketa, Zestoan, eta Orion, Oñatin, Hernanin eta Anoetan egin ditu geldialdiak; guztira, bost kanporaketa izan ditu eskolarteko sariketak. 14 eta 18 urte arteko 27 gaztek parte hartu dute bertan. Atzo, berriz, zortzi gazte aritu ziren kantuan, txapela nork jantziko: Uxue Alkorta eta Aner Peritz Euzkitze zarauztarrak; Aitor Tatiegi oñatiarra; Oihana eta Haizea Arana ahizpa eskoriatzarrak; Maddi Aiestaran beasaindarra; eta Oihana Labiano eta Imanol Albizu azpeitiarrak. Hona hemen atzo Lasturren jokatu zen finaleko hainbat argazki: