Azpeitiko langabe kopurua %23 jaitsi da urtebetean

Uztarria.eus 2018ko api. 19a, 20:36

Martxoko datuen arabera, %7,9 da herriko langabezia tasa, eta iaz baino 168 langabetu gutxiago daude. Gipuzkoako batez-besteko indizea (%9,6) baino bi puntu txikiagoa da Azpeitikoa (%7,9). Udalak "bide onetik" doala uste badu ere, "kalitatezko lanpostuak bermatzeko" lanean jarraituko duela nabarmendu du.

Azpeitiko Udalak gaur jakinarazi ditu 2018ko martxoko langabezia datuak. Iraurgi Berritzen Lan Merkatuaren Aurreboletineko datuen arabera, martxoan %7,9 zen Azpeitiko langabezia tasa, eta 562 pertsona zeuden langabezian. 2017ko martxoko datuei erreparatuta, 730 pertsona zeuden langabezian herrian; iaz data horretan baino 168 langabe gutxiago izan da aurten. Beraz, urtebetean %23 jaitsi da langabe kopurua herrian. 

Azpeitiko langabezia tasa Urola Erdiko batez bestekoaren (%8,8) azpitik dago, baita Gipuzkoakoaren (%9,6) eta EAEko datuaren (%11,9) azpitik ere.

Langabe kopurua urtebetean %23 jaitsi izana  "datu oso garrantzitsua" dela nabarmendu du Eneko Etxeberria alkateak. Langabezia datuei erreparatuta, Etxeberriak uste du "gauzak hobeto doazela", eta Azpeitia krisi aurreko egoeretara "itzultzen" ari dela. Dena den, esan du, Udala "kezkatuta" dagoela datu horiek ez dutelako erakusten lanpostuen kalitatea zein den: "Kezkatuta gaude langabezi datuen atzean ezkutatzen diren beste kontu batzuekin. Datuek ez dute erakusten kontratuak behin-behinekoak edo behin-betikoak al diren, soldatak duinak al diren edota lanpostuak kalitatezkoak al diren". Horren harira, Udalak "kalitatezko lanpostuak bermatzeko" lanean jarraituko duela nabarmendu du Etxeberriak.