Oihana Labianok eta Imanol Albizuk Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Txapelketaren finala jokatuko dute bihar

Uztarria.eus 2018ko api. 19a, 14:54
Albizu eta Labiano, erdian, Urola Kostako beste bi finalistekin batera. (Urola Kostako Hitza)

Aurtengo finala bertso afari formatuan egingo dute, Lasturren. Bi azpeitiarrekin batera bertsotan arituko dira Uxue Alkorta, Aner Peritz, Haizea Arana, Maddi Aiestaran, Oihana Arana eta Aitor Tatiegi. Albizuk eta Labianok "lan txukuna" egin nahi dute finalean. 

Bihar, ostirala, jokatuko da Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Txapelketaren finala, eta han izango dira Oihana Labiano eta Imanol Albizu bertsolariak. Azpeitiarrak Debako Lastur auzoko Arruan Haundi baserrian arituko dira kantuan, Uxue Alkorta, Aner Peritz, Haizea Arana, Maddi Aiestaran, Oihana Arana eta Aitor Tatiegirekin batera, eta 20:00etan hasiko da saioa. 

Aurtengo finalak hainbat berezitasun izango du, besteak beste, bertso afari formatuan egingo dutelako txapelketaren azken saioa. Hau da, kanporaketetan egin duten bezala, afalostean, mahaiaren beste aldetik abestuko dute bertsolariek finalean ere.

Horrez gain, aurtengo finalaren testuingurua ere berezia izango da; izan ere, Gipuzkoako bertso eskoletako gaazteen egonaldia egingo dute asteburuan Lasturren, eta hango egitarauaren barruan sartu dute Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finala.

Finalaren harira, Urola Kostako Hitza egunkariak Urola Kostako finalistekin hitz egin du, eta, tartean, Albizurekin eta Labianorekin egon da. Biek ala biek adierazi dute "lan txukuna" egin nahi dutela finalean, honako erreportajean irakurri daitekeenez.