'Elkarrekin together' dokumentala aurkeztuko du Angel Oiarbidek bihar

Uztarria.eus 2018ko api. 19a, 14:18

Hainbat dokumenturi jarraituz, arkeologo talde batek Ameriketako Estatu Batuetako uharte batera egindako espedizioa du oinarri dokumentalak. Soreasun izango da Azpeitiko GEDk antolatutako emanaldia, 22:00etan.

Azpeitiko Gure Esku Dagok antolatuta, Elkarrekin-together dokumentala eskainiko dute bihar, Soreasu antzokian. Migueltxo Molinak, Pablo Iraburuk eta Igor Otxoak zuzendutako lanak arkeologo talde baten espedizioa du oinarri. Arkeologoek Ameriketako Estatu Batuetan dagoen biztanlerik gabeko uhartea arakatuko dute, izan ere, dokumentu batzuen arabera, euskal balearen arrantzaleak eta hango biztanleak lankidetzan aritzeko "elkargunea" izan zen irla XVI. mendean. 
AEBetan, Euskal Herrian eta Islandian grabatutako ikus-entzunezko lana da Elkarrekin together, eta Donostiako Zinemaldian Zinemira saria jaso zuen iaz.

Angel Oiarbide Gure Esku Dagoko bozeramailea, bere aldetik, gidoilari lanetan aritu da dokumentalean, eta Azpeitiko saioan ere izango da, lanaren inguruko solasaldia eskaintzen. 22:00etan hasiko da emanaldia.

Urola Kostako Hitza egunkariak, bere aldetik, Oiarbideren elkarrizketa argitaratuko du bihar.