Uritz Aranbarrik saria jaso du Azkue Literatur Sarietan

Uztarria.eus 2018ko api. 19a, 13:27
Uritz Aranbarri Mikel Sarasua irakaslearekin. (Urola Ikastola)

10 eta 13 urte bitarteko gaztetxoek egindako narrazio testuen sailean hirugarren saria jaso du Azpeitiko Urola Ikastolako ikasle Uritz Aranbarrik, Gora gure trena lanari esker. Idazle gazteek 151 testu aurkeztu dituzte aurtengo sariketara. Atzo banatu zituzten sariak Bilbon.

Euskaltzaindiak atzo banatu zituen aurtengo Azkue Literatur Sariak, Bilboko egoitzan egindako ekitaldian. Aurten ere azpeitiar gazte batek jaso du saria; hain zuzen ere, 10 eta 13 urte bitarteko gaztetxoek egindako narrazio testuen sailean hirugarren saria jaso du Azpeitiko Urola Ikastolako Uritz Aranbarrik, Gora gure trena lanari esker.

Idazle gazteak literaturaren mundura erakartzea xede duen lehiaketan narrazio eta poesia lanak saritu dituzte. Idazle gazteek 151 testu aurkeztu dituzte aurtengo sariketara, eta Miren Billelabeitiak, Igone Etxeberriak eta Manu Lopezek osatutako epaimahaiak hartu du narrazio lanen erabakia. Poesia lanena, berriz, Yolanda Arrietak, Amaia Jauregizarrek eta Patxi Zubizarretak.