ISBko bazkideen eguna, Sammic-eko urrezko mutilak babesteko

Uztarria.eus 2018ko api. 19a, 13:03

ISBko bazkideek biharko partidarako bi sarrera doan eskuratzeko aukera izango dute gaur, osteguna, Eguzkitza eta Zurt tabernetan. Bihar egingo den askari musikatuko jan-edana ere doan izango da haientzat. Uztarria Komunikazio Taldeak ere bost sarrera bikoitz zozkatuko ditu Uztarriako bazkideen artean. 

Egun berezia eta garrantzitsua izango da biharkoa Sammic Iraurgi saskibaloi taldearentzat. Etxekoek Azpeitiko kiroldegian hartuko dute Logroñoko Clavijo taldea, 21:00etan hasita. Urrezko LEB Liga dute jokoan Sammic-eko mutilek, eta horren jakitun, biharkoa ISBko Bazkideen Eguna izango da. Modu horretan, klubeko bazkide diren herritarrek bazkide txartela erakutsita bi sarrera doan eskuratzeko aukera izango dute gaur, Eguzkitzan eta Azkoitiko Zurt tabernetan txartelak eskatuz gero.

Horrez gain, ostiraleko askari musikatuko jatekoa eta edatekoa doan izango dute ISBko lagunek. Karpa bat jarriko dute kiroldegi atarian 19:00etatik 20:30era, eta bertaratzeko deia egin du klubak. 

Espainiako Urrezko LEB Ligako denboraldia amaitzeko bi jardunaldi falta dira, eta hurrengo partidak, biharkoa barne, giltzarri izango dira mailari eusteko. Sammic zein Clavijo sailkapeneko azken postuetan daude, eta hurrengo neurketa irabazten duenak mailari eusteko oso aukera gutxi izango ditu. Horregatik, Azpeitiko kiroldegia "jendez goraino" bete nahi du ISBk.

Aurreko denboraldian maila bikaina emanda, Espainiako Urrezko LEB ligara egin zuen jauzi Sammic Iraurgik. Klub txikia izanagatik, maila horretan lehiatzeko gai dela erakutsi du orain arte, eta bertan jarraitu nahi du hurrengo denboraldian ere. 

Sarreren zozketa Uztarrian ere

Uztarria Komunikazio Taldeak ere bost sarrera bikoitz zozkatuko ditu Uztarriako bazkideen artean biharko partidarako. Sarrerak eskuratzeko bidali mezu bat uztarria@uztarria.eus-era biharko 13:00ak baino lehen. 

Uztarriaren bazkideek urtean 30 euro ordaintzen dituzte. Egin zaitez bazkide eta hauspotu Uztarria! Horretarako, deitu 943-15 03 58.