Euskal Herriko gatazka politikoaren konponbidean konpromisoak hartzeko garaia da

Joseba Segurola Kerexeta 2018ko api. 19a, 12:54

Joseba Segurola Xegu preso azpeitiarrak honako gutuna igorri du Uztarriara, Preso Politikoen Nazioarteko Egunaren harira:

Aupa, zuek!

Apirilaren 17an Preso Politikoen Nazioarteko Eguna izan dela aprobetxatuz, honako hau adierazi nahi nizueke:

Dagoeneko zazpi urte igaro dira ETA erakundeak borroka armatua utzi zuenetik eta urtebete armagabetu zenetik. Begibistakoak diren mugimendu horien aurrean, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) kideok deserriratuta eta sakabanatuta jarraitzen dugu.

Euskal herritarren gehiengoak euskal preso politikoen Euskal Herriratzea ontzat eman arren, familiak eta lagunak bidaia amaigabeak egitera behartzen dituzte. Bidaien gastu ekonomikoak familia askoren egunerokoa hipotekatzen badute, bidaietako tentsioak eta nekeak istripuak izateko aukerak biderkatzen dizkiete. Sakabanaketa martxan jarri zenetik 30 bat urte pasatu direnean, 16 hildako eta ehunka istripu izan dira errepideetan.

Bizi arteko zigorra izan arren, duela hamar urtetatik baldintzapeko askatasuna (euskal preso politikoei sistematikoki ukatzen zaie) eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituzten hiru kidek Frantziako espetxeetan jarraitzen dute. Kide horiek duela 28 urtetik dituzte preso!

70 urtetik gorako kideak espetxean mantentzen jarraitzen dute. Legeak kontrakoa esan arren, preso gaixo larriek espetxean jarraitzen dute. Gure artean dugu Ibon Fernandez Iradi, gaixotasun larri eta sendaezina duen kidea. Esklerosi anizkoitza du, espetxealdiarekin guztiz bateraezina. Mediku txosten guztiak alde izan arren, "zigorra etetea" eskatu zuenean askatasuna ukatu zioten. Bere osasuna behar bezala zaintzeko kartzelak bermerik ematen ez dionez, bigarrengoz "zigor etete" bat eskatzeko tramiteak egiten dabil.

Gogorarazi ere, Espainiako eta Frantziako kartzeletan hogeitik gora kidek bizia galdu dutela. Berriki, 1.000 kilometrora dagoen Puerto de Santa Mariako espetxean Xabier Rey iruindar preso politikoa bere ziegan hilik aurkitu zuten. Hamar urteko isolamenduaren ondorioz bere buruaz beste eginda hil zitzaigun. Saihestu zitekeen eta errepikatzen utzi behar ezin dugun egoera lazgarria!

Euskal Herriko gatazka politikoaren ondorioak konpontzeko eta euskal preso politikoon egoera bideratzeko (euskal herriratzea, sakabanaketarekin amaitzea, euskal preso gaixo larrien askatasuna, legedi arrunta aplikatzearen beharra: baldintzapeko askatasunak, baimenak, Europako legedia aplikatzearen/betetzearen beharra, segurtasun jaitsierak, DPS estatusa kentzea...), euskal preso polikoon kaleratzea helburu duen prozesu batean murgilduta dago euskal gizartearen gehiengo handi bat. Alderdi politiko nagusiak, sindikatuak, Foro Soziala eta eragile ezberdinak bide orri bat marrazten ari dira.

Egoera desblokeatzen joateko eta irtenbideak bilatzen jarraitzeko, Estatu Frantsesean ematen ari diren mugimenduak (lekualdatze-hurbiltzeak) lehen urrats garrantzitsu moduan ikusten ditugu.

Gobernuek etengabe legedia betetzearen beharra azpimarratzen duten garai hauetan, salbuespeneko neurriak indargabetu behar direla aldarrikatzen dugu. Salbuespenezko neurriak indargabetu eta legeak izan ditzakeen onura guztiak aplikatu ezkero, irtenbide oso eta mailakatu baten aurrean egongo ginateke.

Euskal Herriko gatazka politikoaren konponbidean konpromisoak hartzeko garaia denez, gure eskuetan dagoen guztia egiteko konpromisoa hartua dugula adierazi nahi dizuet. Eragile guztiekin batera jorratu nahi dugu bide hau, benetako akordioak erdietsi ahal izateko eta konponbide integral bat bilatzeko. Gatazka politikoaren ondorioz eragin dugun/diguten minaren erantzukizuna onartuz, baina era berean, militante politikoen duintasuna zalantzan jarri gabe.

Aurrez aurre dugun erronkaren aurrean topo egingo dugun esperantzarekin, zuen eskuetan dagoen guztia egitera animatu nahi zaituztet.

Lannemezaneko parajemortutik, jaso ezazue besarkadarik goxoena eta beroena.