Hamasei urteren ostean, Azpeitira itzuliko da Gipuzkoa Klasika txirrindularitza proba

Uztarria.eus 2018ko api. 18a, 15:37
Gipuzkoa Klasikaren antolatzaileak, proba aurkezten. (Ihintza Elustondo)

Igandean jokatuko dute junior mailako lasterketa. 10:30ean Zelai Luzen hasiko da, eta 13:15 inguruan amaituko da, leku berean. Aurtengoan, "arazo batzuk tarteko" ez da selekzioen arteko proba izango, taldeen artekoa baizik. Azpeitia, Zestoa eta Errezil zeharkatuko dituzte txirrindulariek.

Azpeitian jokatuko dute XXIV. Gipuzkoa Klasika txirrindularitza proba. Urtero Gipuzkoako herri batean izaten da junior mailako lasterketa, eta, aurtengoan, hamasei urteren ondoren, Azpeitian jokatuko da berriro. Igande honetan, apirilak 22, izango da proba, 10:30ean Zelai Luzen hasita. Azpeititik, Zestoatik eta Errezildik igaroko dira txirrindulariak, eta, guztira, 108,5 kilometroko ibilbidea osatuko dute. Lagun Onak txirrindulari elkarteak antolatu du proba, Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioarekin elkarlanean eta Azpeitiko Udalaren laguntzarekin.

Aurtengoan berrikuntza batekin dator proba. Izan ere, orain arte Gipuzkoa Klasika selekzioen arteko proba izaten zen; edizio honetan, ordea, "arazo batzuk tarteko" ezinezkoa izan da selekzioen arteko proba izatea, eta, beraz, taldeen arteko lasterketa izango da. Eduardo Soto Gipuzkoako Txirrindulari Elkarteko lehendakariaren arabera, "Espainiako talderik onenak" gonbidatu dituzte lasterketara, eta "erantzun ona" jaso dute: "Maila altua izango da proban". Guztira, 30 taldek parte hartuko dute; hain justu, sei selekziok, Espainiako hamar taldek, Herrialde Katalanetako bik eta Gipuzkoako beste hamabik. Gurutz Aldalur Lagun Onak txirrindulari elkarteko lehendakariaren arabera, "selekzioen arteko probek izan ohi duten maila bera" izango du igandekoak.

Jon Arruti Lagun Onak elkarteko lehendakariordeak prestatu du ibilbidea, eta, haren arabera, lasterketa nahiz hori inguratzen duen guztia bailarara eta herrira hurbiltzea nahi izan dute. "Txirrindularien ezaugarri ezberdinak ikusteko aukera emango du ibilbideak, eta kirolariek zein ikusleek gozatu ahal izango dutela uste dugu", azaldu du. Hori bai, herritarrei pazientzia eskatu die: "Ordu erdian behin lasterketa Azpeititik pasatuko da txirrindulari, auto eta moto ugarirekin...".

Estitxu Elduaien Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburuak uste du horrelako lasterketek "txirrindulari gazte onenak ikusteko aukera" emateaz gain, "kirolaren balioa" erakusteko balio dutela. "Duela bi urte proba hau antolatzeko eskaera jaso genuen Lagun Onakengandik, eta ez genuen zalantzarik izan".

Ibilbidea

10:30ean hasiko da proba, Foru Pasealekua hiribidean. 09:30ean plazan aurkezpen ofiziala egingo dute, eta 13:15 inguruan amaituko dela proba aurreikusten dute. Sari banaketa 13:30ean egingo dute, plazan. Hona hemen txirrindularik igaroko diren guneak eta aurreikusitako orduak:

-Irteera: Foru Pasealekua hiribidea (10:30)
-Zestoa (10:50)
-Tarteko helmuga: Foru Pasealekua hiribidea (11:03)
-Zestoa (11:16)
-Tarteko helmuga: Foru Pasealekua hiribidea (11:38)
-Errezil (11:54)
-Tarteko helmuga: Foru Pasealekua hiribidea (12:10)
-Zestoa (12:22)
-Tarteko helmuga: Foru Pasealekua hiribidea (12:44)
-Altzarte gaina (13:01)
-Helmuga: Foru Pasealekua hiribidea (13:12)

Parte hartzaileak

-Selekzioak
Portugal
Galizia
NafarroaBizkaia
Araba
Pirinio Atlantikoak (Frantzia)

-Espainiako taldeak
Arte en Transfer-Leon (Leon)Aseguras Produque (Kantabria)
Bathco (Kantabria)
Isidoro San Justo (Kantabria)
Banco Santander (Kantabria)
Cartagena-Esetec-Arocam (Murtzia)
Mmr-Academy (Asturias)
Polartec-Kometa (Madril)
Salchi-Iberauto (Madril)
Sanse-Rotor (Madril). Konfirmatzeko dago talde hau etorriko den oraindik.

-Herrialde Katalanak
Ale Respetad 1,4 metros Ael (Valentzia)
Castillo de Onda-Zandra (Castello)

-Gipuzkoako taldeak
Ampo
Donosti Berri elkartea
Limousin-Oriako
Atracciones Sanz
Bellota-Goierri
Portabicis.com
Ulma
Augar Rehabilitaciones
Club Ciclista Irunes
Zarauztarra
Ciclos Iturriaga
Viveros San Anton