Sormenaz hausnartzeko abagunea izango da datorren astean Dinamoan

Urola Kostako Hitza 2018ko api. 18a, 12:47
Dinamoaren sarrera. (Urola Kostako Hitza)

Azpeitiko Kultur Mahaiak, udalarekin elkarlanean, hiru solasaldi antolatu ditu datorren astearte, asteazken eta ostegunetako. Sormena eta sormen guneak izango dituzte hizpide hainbat solaskidek. Hiru saioak 19:00etan izango dira, Dinamoan.

Sormena eta sormen guneak izango dituzte ardatz Azpeitiko Kultur Mahaiak, udalaren laguntzarekin, datorren asterako antolatu dituen hausnarketa jardunaldietan. Sormena zertarako? Soreasuko sormen gunearen atariko hausnarketak izenburupean hiru solasaldi antolatu dituzte datorren astearte, asteazken eta ostegunerako, eta hainbat hizlari izango da Dinamoan egun horietan.

2017ko uztailean aurkeztu zuten Azpeitiko Kultur Mahaiak eta udalak Soreasuko eraikinean Sormen Gunea egiteko proiektua. Hain zuzen ere, hitza, irudia, arte eszenikoak eta soinuaren eremuak egingo dituzte Soreasun, eta sortzaileentzat lanerako tokia izango da. Eraberritze lanak aurki hasiko dituzte, eta ondo bidean, 2019ko udarako bukatuko dituzte. Horrenbestez, 2019ko udazkenean jarriko dute martxan Sormen Gunea. Gaur-gaurkoz, baina, Soreasun bada martxan den lokal bat: Dinamoa. Eta, hain zuzen ere, bertan izango dira datorren asteko hausnarketa solasaldiak.

Sormen Gunea egin bitartean bi erronka ditu Kultur Mahaiak: batetik, dinamika indartu eta komunitatea artikulatu; eta, bestetik, Sormen Gunearen nolakotasuna zehaztu, hala nola erabilera irizpideak, ardatzak, funtzionamendua eta kudeaketa. Xabier Gantzarain Kultur Mahaiko teknikariak azaldu duenez, sormenaren eta sormen gunearen inguruko hausnarketei bide ematera datoz datorren asteko hitzaldiak, eta beste leku batzuetako ereduak ezagutzeko eta beste sortzaile batzuen ikuspuntuak elkartrukatzeko aukera izango da.

Hiru solasaldi

Lehen hitzaldia asteartean izango da, eta Idoia Zabaleta koreografo eta dantzariak eskainiko du. Zabaletak Azala espazioa jarri zuen martxan Lasierran (Araba), eta proiektuaren nondik norakoak azalduko ditu; izan ere, Azala sormen gunea eta egonaldi artistikoetarako espazioa da.

Asteazkeneko hitzaldia Koldo Izagirre idazleak eskainiko du, begirada Azpeitian jarrita. Hark sormenaz haratago, Azpeitiko sormen gunea izango du hizpide, Gantzarainen arabera, "ezagutzen du-eta proiektua".

Hausnarketa saioetan azkena asteazkenean izango da. Ane Agirre Tabakalerako erakusketen eta sortzailearen guneko ardurandunak, Oskia Ugarte Nafarroako Huarte Zentroko kudeatzaileetakoak eta Ixabel Millet Hendaiako Borderline Fabrikako kideak mahai-ingurua eskainiko dute. Saio guztiak 19:00etan izango dira, Dinamoan.

Solasaldiak

Apirilak 24, asteartea. Azalaren izenean solasaldia eskainiko du Idoia Zabaleta Lasierrako (Araba) Azala espazioaren sortzailea. 19:00etan izango da, Dinamoan.

Apirilak 25, asteazkena. Koldo Izagirre idazleak Urola, indar trantsizioa hitzaldia emango du. 19:00etan izango da, Dinamoan.

Apirilak 25, asteazkena. Sormena zertarako, eta nola? mahai-ingurua eskainiko dute Ane Agirrek (Tabakalera), Oskia Ugartek (Huarte Zentroa) eta Ixabel Milletek (Borderline Fabrika). 19:00etan izango da, Dinamoan.