Lur sail gehiago egokituko ditu Udalak Otzaka aldeko baratze parkean

Uztarria.eus 2018ko api. 17a, 21:00

"Herritarren eskaera guztiei erantzuteko" prestatuko dituzte baratzeak Otzakako partzelan. Orotara, ehundik gora lur sail txiki banatuko ditu Udalak Izarraizko eta Otzakako baratze parkeetako erabiltzaileen artean. Herritar horiek 2022ko maiatzera arte izango dute Udalak esleitutako partzela ustiatzeko aukera.

Baratze Programaren bigarren edizioan izena eman duten "herritar guztien eskaerei erantzuteko", lur sail gehiago egokituko ditu Azpeitiko Udalak Otzaka aldeko baratze parkean. Aitor Bereziartua zinegotziak azaldu duenez, orain arte erabili ez den lur sail bat egokituko dute herritarren eskaerei erantzuteko. " Udalak Otzaka aldean lur zati bat du alokatuta. Ez zen erabiltzen, eta harekin zer egin erabaki behar zen. Herritarren eskaerak ikusita, lur saila egokitzea eta baratze gehiago esleitzea erabaki dugu", azaldu du Bereziartuak. 

Azpeitiko Udalak eta Kutxa Ekoguneak 2014an jarri zuten martxan Baratze Programaren lehen edizioa, eta bukaerara iristear da. Data horren atarian, joan zen apirilaren 11n, Udalak batzarra egin zuen Baratze Programaren bigarren edizioan izena eman duten herritarrekin, haien eskaerak eta zalantzak ezagutzeko. Orain, "eskaerak ikusita", ehundik gora lur sail banatuko ditu Udalak Izarraizko eta Otzakako baratze parkeen artean.

Maiatzean abiatuko da Baratze Programaren bigarren edizioa, eta proiektuaren erabilera araudiak dioen gisan, partzelen erabiltzaileek lau urtez izango dute Udalaren lur saila ustiatzeko aukera. 

Uztarriak Azpeitiko baratze parkeen inguruko erreportajea egin zuen iaz. Hemen ikus daiteke: