Ilunpeko pilotariak Berria Txapelketako final zortzirenetan hasiko dira lehiatzen

Uztarria.eus 2018ko api. 17a, 14:55

Klubek igandean ekingo diete final hamaseirenetako kanporaketei, baina azpeitiarrak final zortzirenetan hasiko dira jokatzen. Maiatzaren 6rako iragarri dute Ilunpekoen aurreneko kanporaketa, eta Hernanin jokatuko dute.

Igandean, hilaren 22an, hasiko da Berria egunkariak antolatutako kluben arteko esku-pilota txapelketa. XV. edizioa beteko du aurten Berria Txapelketak, eta hogei talde ariko dira lehian; tartean, Azpeitiko pilotariak. Ilunpekoek, gainontzeko taldeek bezala, kadete, ju­benil eta nagusien mailako bi­kote bana aurkeztuko dute txapelketara.

Asteburu honetan eta hurrengoan jokatuko dituzte final hamaseirenetako kanporaketak, baina Ilunpekoak final zortzirenetan hasiko dira lehiatzen. Hain zuzen, Azkoitiko Oteiza eta Ortuellako Danok Lagunak elkarteetako pilotariek neurtuko dituzte indarrak igandean, eta kanporaketaren irabazlea izango da azpeitiarren lehenengo aurkaria. Antolatzaileek maiatzaren 6rako iragarri dute azpeitiarren aurreneko kanporaketa, eta Hernanin jokatuko dute.

Hernanin jokatuko da, era berean, XV. Berria Txapelketaren finala, ekainaren 23an.