Urrea balio duen partida du aurretik Sammic ISBk

Uztarria.eus 2018ko api. 17a, 15:14
Iraurgiko jokalariak Levitec Huescaren aurkako partidan. (Iraurgi Saskibaloi Taldea)

Azpeitiko taldeak etxean hartuko du Logroñoko Clavijo taldea ostiralean, Urrezko LEB Ligako azken aurreko partidan. Bi klubak sailkapeneko azken postuetan daude, eta hurrengo neurketa galtzen duenak mailari eusteko oso aukera gutxi izango ditu. Partidaren garrantzia ikusita, askari musikatua antolatu du ISBk, herritarrak kiroldegira hurbil daitezen.

Sammic Iraurgi saskibaloi taldeak partida garrantzitsua jokatuko du ostiralean, hilak 20, Azpeitiko kiroldegian, 21:00etan hasita.  Espainiako Urrezko LEB Ligako denboraldia amaitzeko bi jardunaldi falta diren honetan, sailkapenean 16. postuan da Sammic ISB, eta hurrengo bi partidak giltzarri izango dira mailari eusteko. Ostiraleko partidan Logroñoko Clavijoren aurka neurtu beharko dituze indarrak Lolo Encinasen gidaritzapean aritzen diren mutilek. Bi klubak sailkapeneko azken postuetan daude, eta hurrengo neurketa irabazten duenak mailari eusteko oso aukera gutxi izango ditu. Beraz, esan daiteke urrea balio duela ostiraleko neurketak. Horren jakitun, Azpeitiko kiroldegia "jendez goraino" bete nahi du ISBk.

Partida girotzeko eta herritarrak kiroldegira animatzeko, askari musikatua antolatu du ISBk ostiraleako. Kiroldegi aurrean egingo dute jan-edana neurketaren aurretik, musikaz girotuta. Saskibaloi klubeko bazkideentzat doan izango da.

Aurreko denboraldian maila bikaina emanda, Espainiako Urrezko LEB ligara egin zuen jauzi Sammic Iraurgik. Klub txikia izanagatik, maila horretan lehiatzeko gai dela erakutsi du orain arte, eta bertan jarraitu nahi du hurrengo denboraldian ere.