Herriko piano eta organo jotzaileen lana "sustatzeko" jardunaldiak izango dira

Uztarria.eus 2018ko api. 17a, 17:04
Lehenengo Tekla Jardunaldien hainbat antolatzaile, gaurko aurkezpen ekitaldian.

Ostegunean, ostiralean eta zapatuan izango dira piano eta organo saioak, Sanagustin kulturgunean eta Soreasuko Sebastian Donearen Parrokian. Jose Luis Frantzesenaren ikasleen eta Ignacio Arakistainen emanaldiak izango dira, besteak beste.

Tekladun instrumentu nagusiak diren pianoa eta organoa ardatz, lehenengo Tekla Jardunaldiak izango dira bihar, etzi eta zapatuan, Sanagustin kulturgunean eta Soreasuko Sebastian Donearen parrokian. Pianoa gizartean erabat ezaguna izan arren, ez da herriko bandan erabili ohi den instrumentua, eta pianojoleek nekez izaten dute aukera kontzertu bat eskaintzeko. Gabezia horri erantzuna emateko, ikasleei beraien ezagutza plazaratzeko eta herritarrei piano eta organo kontzertuez gozatzeko aukera eskaintzeko, udaberriko kultur jardunaldia antolatu du Juan Antxieta musika eskolak, Kulturaz kooperatibarekin eta Azpeitiko Udalarekin elkarlanean.

Udazkenean, Organo Erromantikoaren Nazioarteko Zikloak izan ohi du hitzordua herrian,  baina oraingoan, "herriko kultura sortzaileak babestu" nahi izan dituzte Tekla Jardunaldiekin, Azpeitiko Udaleko zinegotzi Josu Labakaren esanetan. Bertako ikasleak pianoan eta organoan "trebatzen" ari dira, eta haien talentuak plazaratzeko "ekimen polita" dela dio Labakak.

Herriko sortzaileen lanak

Juan Antxieta musika eskolako ikasle izandakoek eta Jose Luis Frantzesena Schuberten organo ikasleek parte hartuko dute jardunaldietan. Inguruko herrietan organo-jotzaile "gabezia handia" zegoela eta, duela hamar urte hasi zen Frantzesena organo eskolak ematen. Eskolak "osasun ona" duela adierazi du irakasleak. Azpeitiko parrokian dagoen organoa Joan Amezuaren Trantsizio garaiko "antzinako organoa" dela gaineratu du Schubertek. "Eraldaketa asko" egin izan zaizkio, eta itxuraz "oso ederra" da, baina badu "hobetzeko" hainbat ezaugarri. Nolanahi ere, musika barrokoa jotzeko emaitza "nahikoa onak" ematen dituela dio.

Frantzesenak azaldu du bere bost ikaslek eskainiko dituztela kontzertuak: Arantxa Sagarzazu zestoar irakasle jubilatuak, piano ikasketak dituen Elena Agirre azpeitiarrak eta Luisi Eizagirre zarauztar mediku jubilatuak. Schuberten ikasle gazteagoek ere parte hartuko dute; Ander Etxabek, kasu: "Nahikoa txukun" ari da ikasten organoa eta Bachen obra "handi bat" joko du. Kontzertua, berriz, duela urtebete organoa ikasten hasi zen 15 urteko Anaitz Lizartzak itxiko du. "Lehen Ignacio izan zen bezala, Anaitz ere sorpresa bat da. Oso ondo doa organo ikasketekin". Kontzertu "polita" izango dela aurreratu du Frantzesenak, batik bat, "erakusteko" edozein pianojolek duela organoa ikasteko aukera, denbora izanez gero. Organistak sortzea "beharrezkoa" dela dio Schubertek, inguruko herrietan eta auzoetan –Urrestillan, Errezilen, Goiatzen, Bidanian, Azkoitian, Azpeitian, Loiolan...– dauden organo "oso onak" herdoil ez daitezen. Musika Eskolako kide Mari Jose Bikendik dio haien ikasle izandako Ignacio Arakistain beraiekin harremanetan jarri zela piano eta organo "errezitaldi bat" antolatzeko. "Musika Eskolan garbi ikusi genuen garrantzitsua zela halako jardunaldi bat eratzea, pianoa eta organoa eta gure ikasleak ezagutzera emateko".

Bere kultura filosofian herriko sortzaileen lana "sustatzea" xede duen Kulturazek ere "besoak zabalik" hartu du ekimena, kooperatibako kide Aitor Bengoetxearen esanetan. Ikasleen lanari "balioa emateko" eta herritarrek "gozatzeko" ekimen "interesgarria" dela gaineratu du hark.

Tekla jardunaldien egitaraua

Etzi, apirilak 19, osteguna:

19:30ean: Ganbera musika kontzertua izango da Sanagustin kulturgunean. Alain Sorazuk txistuarekin eta Ignacio Arakistainek pianoarekin hiru pieza eskainiko dituzte. Ondoren, Amets Sorazuk harparekin eta Arakistainek pianoarekin bi abesti joko dituzte. Bukatzeko Itziar Beitiak eta Arakistainek pianoan lau eskutara emanaldia eskainiko dute, sei pieza joz.   

Apirilak 20, ostirala:

19:30ean: Ignacio Arakistainek kontzertua eskainiko du pianoan Sanagustinen. Bachen, Beethovenen, Alainen, Brahmsen, Tanakaren eta Garbizuren hainbat pieza eskainiko ditu.

Apirilak 21, zapatua:

12:00etan: Arantxa Sagarzazu, Elena Agirre, Luisi Eizaguirre eta Anaitz Lizartza organo ikasleek kontzertua eskainiko dute, Soreasuko Sebastian Donearen parrokian