Andres Gostinen hitzaldia eta 'La Question Humaine' filma, zineklubaren biharko hitzorduak

Uztarria.eus 2018ko api. 17a, 11:58

Paradisu Zinema zineklubak urteko laugarren saioa eskainiko du bihar, asteazkena, Soreasuko Dinamoan, 21:00etan hasita, La Question Humaine filma ikusteko aukera izango da bertan.

Zineklubaren aste honetako saioa, ordea, berezia izango da, film emanaldiaren aurretik beste hitzordu bat izango delako Dinamoan. 19:00etan, Andres Gostinek hitzaldia emango du; irakaslea eta kazetaria, Euskaldunon Egunkarian urte askoan zine kritikak idatzitakoa da Gostin. Hitzaldiaren ondoren, 20:00 aldera, jan-edanerako tartea ere izango da, filma ikusten hasi aurretik.

La Question Humaine (Frantzia, 2007) pelikulan Simonek, Farb SC enpresako giza-baliabideetako departamentuko psikologoak, Alemaniako multinazional handiaren Frantziako filialaren gune petrokimikoan bere lana zertan datzan kontatzen du, off ahotsaren bidez. Egun batean, ordea, mandatu berezi bat jasotzen du: nagusi batek beste baten ebaluazio psikiatrikoa egiteko eskatzen dio. François Emmanuel idazle belgikarraren izen bereko nobelan oinarritutako filma da.