Bigarren Mailan jarraituko dute Azpeitiko xakelariek Gipuzkoako Taldekako Ligan

Uztarria.eus 2018ko api. 16a, 21:54
Azpeitiko taldeak aise irabazi zion Donostiako Gros G taldeari ligako azken jardunaldian, eta horrenbestez mailari eutsi diote xaputarrek. Gaztetxoenak Irungo Xake Festan hartu zuten parte, eta Cristian Cretu azpeitiarra izan zen Lehen Mailako irabazlea. 

Gipuzkoako Taldekako Xake Ligaren azken jardunaldia jokatu zen zapatuan, hilak 14, Baigerako laugarren solairuan, eta bertan izan ziren Xaputarrak Azpeitiko Xake Taldeko kideak ere. Ligako azken partidan Gros G taldeari irabazi ostean, ligako Bigarren Mailari eutsi diote herriko xakelariek.

Azpeitiarrek aise irabazi zieten Donostiako xakelariei: 3,5 eta 0,5 amaitu zuten jardunaldia. Eneko Alberdik, Jose Andres Perezek eta Iñaki Urangak beren partidak irabazlea lortu zuten. Patxi Isasmendik, aldiz, ezin izan zuen etxean jokatutako partidan nabarmendu, eta berdinketa (tablas) lortu zuen.

Xaputarrak iaz sailkatu ziren Gipuzkoako Taldekako Xake Ligako Bigarren Mailara, eta bertan jarraituko dute beste urte batez.

Xakelari gaztetxoenak Irunen

Cristian Cretu, Gorka Uranga, Alain Mateos, Aner Odriozola eta Luis Andoni Lazkano azpeitiar xakelariek Irunen izan zuten hitzordua atzo. Han, hamasei urte azpikoen Xake Festa jokatu zuten.

Cristian Cretu, Gorka Uranga, Alain Mateos eta Aner Alonso xakelariak Lehen Mailan lehiatu ziren, eta Cristian Cretu azpeitiarra izan zen maila horretako irabazlea, 5,5 puntu lortuta. Gorka Uranga zazpigarren postuan sailkatu zen 3,5 punturekin. Aner Alonso eta Alain Mateos hamargarren eta hamaikagarren gelditu ziren sailkapen orokorrean, urrenez urren. Azpeitiko Xake Taldeko kideek azaldu dutenez, Cretu "oso bolada onean" dago, jokatutako azkenengo hiru txapelketak irabazi baititu jarraian.

Luis Andoni Lazkanok Xake Festako Bigarren Mailan jokatu zuen, eta zortzigarren postuan sailkatu zen hiru puntu eskuratuta.