Zenbait auzotan eragindako arazoak aste honetan konpontzea aurreikusten du Movistarrek

Uztarria.eus 2018ko api. 16a, 15:32

Udalak azaldu du herritarren kexak jaso ostean, "hainbat bidetatik" saiatu dela egoerari "irtenbidea" bilatzen. Matxuraren egoera publiko egiteko eskatu dio erakundeak telefonia enpresari, haren erabiltzaileek "informazio gardena eta egiazkoa izateko eskubidea" dutela iritzita.

Azken hilabetean, Etxealai, Aranagoikoa, Arana eta Loiolabide auzoan Movistar telefonia enpresak eskaintzen duen zerbitzua erorita dago "matxura bat" dela eta. Movistarrek Azpeitiko Udalari jakinarazi dionez, apirilaren 16 eta 20 artean arazoa konponduta izatea aurreikusten du enpresak.

Azpeitiko Udalak azaldu du herritarren kexak jaso ostean, "hainbat bidetatik" saiatu dela arazoa konpontzen, eta "herritarren eskubideak eta zerbitzuak bermatzen". Izan ere, matxurak "arazo larriak" sor ditzakela uste du Udalak, zerbitzu horri lotuta daudelako, adibidez, ezintasunen bat duten pertsonen larrialdi deiak. Horregatik, apirilaren 6an erakundeak gutun bat bidali zuen Movistar enpresara, arazoari irtenbidea bilatzeko eskaera eginez.

Gainera, arazoa publiko egiteko eskatu dio Udalak Movistarri, enpresaren erabiltzaile diren herritarrak "informazio gardena eta egiazkoa izateko eskubidea" dutela iritzita. Egoeraren aurrean, Udalak arazoaren jarraipena egingo duela esan du.