Ekainaren 10eko giza katea aurkeztu du Azpeitiko Gure Esku Dagok

Uztarria.eus | Gizartea | Artikulua
2018-04-14 13:30

Lau kilometro bete beharko dituzte azpeitiarrek, errezildarrek eta beizamarrek Zumaia eta Getaria artean. 2.000 lagun aurreikusi dituzte zati horretarako, eta antolatzaileek aurreko giza kateko "marka guztiak" hautsi nahi dituzte. Ekimenean bat egin eta boluntario gisa lan egin dezaten animatu dituzte herritarrak.

Ekainaren 10ean, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen 201 kilometroko giza katea osatzeko lanean hasi da dagoeneko Azpeitiko Gure Esku Dago. Egitasmoaren nondik norakoak aurkeztu dituzte gaur eguerdian Sanagustin kulturgunean egin duten ekitaldian, eta, dozenaka lagunen aurrean, giza katean azpeitiarrei dagokien zatiaren berri eman dute: beizamarrekin eta errezildarrekin batera, lau kilometro bete beharko dituzte 2.000 lagun inguruk Zumaia eta Getaria artean.

Erabakitzeko eskubidea "elikatzeko eta sendotzeko" ordua dela azpimarratu dute kideek, eta, beraz, ekaineko giza katearen ondotik, "bide berria" zabalduko dute. 2019a "erabakitzeko urtea eta urte erabakigarria" izatea nahi du GEDk, eta horretarako, Herri Ituna lantzen hasiko da. Hiriburuetan eta herrietan egingo dituzten ekimenen bidez, Herri Ituna osatuko duten herritarren 2019 arrazoi jasoko dituzte datozen hilabeteetan.

2014an, Durango eta Iruñea artean egin zuen GEDk lehenengoz giza katea, eta, ordukoa bezala, oraingoa ere "mugarria" izango dela aurreikusten du mugimenduak. Duela hiru urte, 1.800 azpeitiarrek hartu zuten parte giza katean, eta, aurten, "marka guztiak" hautsi nahi dituzte. Beraz, herritar denei dei egin die ekimena "saretu" eta hara bat egin dezaten. Azpeitiarrek beraien konpromisoa berretsi dezaten, bost euroko ekarpena egin dezakete, eta, trukean, giza katerako zapia jasoko dute. Era berean, boluntario gisa lan egin nahi dutenek ere dagoeneko eman dezakete izena, aurkezpenean banatu dituzten orrien bidez edo Internetez. Azpeitiko Gure Esku Dagok jakinarazi du maiatzean zabalduko duela bulegoa.

Giza katearen eta Herri Itunaren berri emateaz gain, ikus-entzunezko hainbat lan eta Gotzon Barandiaranen olerkiak plazaratu dituzte aurkezpenean. Sanagustinen elkartu diren guztiek argazkia aterata amaitu dute ekitaldia.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa