Hizkuntza guztien laguna

Gipuzkoako Hitza 2018ko api. 13a, 18:12
Aitor Arana. (Miriam Luki/Goierriko Hitza)

Aitor Arana Urrestillako bizilagunak esperantoari buruzko gezur eta egiei buruzko hitzaldi bat eman du Legazpin. Idazlea da, eta esperantista. Euskal Herrian informazioa falta dela uste du.

Hizkuntzen mapa geopolitikoa irudikatzeko ariketa eginez gero, nabarmen geratuko litzateke nazioartean gailentzen den zenbait hizkuntzaren hedadura. Horiek gailendu ahala, galtzaile aterako lirateke beste hizkuntza batzuk, eta gero eta toki urriagoa izango lukete mapa geopolitiko horretan, galtzeraino ere bai batzuetan. Ludwik Lejzer Zamenhofek (Polonia, 1859-1917) hizkuntzen mendekotasun hori saihesteko sortu zuen esperantoa. Hizkuntza neutral gisa asmatu zuen. "Geurea inposatu ez, eta alderantziz ere gerta ez zedin", azaldu du Aitor Arana esperantistak (Legazpi, 1963).

Aranak 19 urte ingururekin izan zuen esperantoaren berri. Hizkuntza neutrala zela jakin zuen, baita nazioarteko komunikazio arazoak konponduko lituzkeen hizkuntza zela ere. "Lagun batek kontatu zidan hori guztia, eta hizkuntza ideala zela pentsatu nuen, oso jatorri gizatiarra zuena. Egia esan, Dantek eta Voltairek ere aurretik egina zeukaten nazioarteko hizkuntza bati buruzko gogoeta", gaineratu du. Esperantoaren dohainez jabetuta, urte gutxiren buruan ikasi zuen.

Artikulu baten bidez nolako hizkuntza den jakin zuenean, esperantoak erabat harrapatu zuen. Europako hizkuntza indoeuropar hedatuenak hartu, eta haietan ohikoenak ziren hitzekin osatu zuen hiztegia Zamenhofek —mediku oftalmologoa zen—. Euria, adibidez, pluvo da. Substantibo guzti-guztiak o bokalarekin amaitzen dira, eta aditza izateko o hori i bihurtu baino ez da egin behar. Euria ari, beraz, pluvi esaten da esperantoz. Aranak azaldu duenez, ohiko hizkuntzekin alderatuta, "azkar ikasteko" asmatuta dago esperantoa. Ñabardura bat egin du, dena dela: "Hizkuntza sortua da esperantoa, baina ez da artifiziala".

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren atarian.