Errazkin eta Intxaurrandieta babesteko ekitaldia egingo du igandean EH Bilduk

Uztarria.eus | Politika | Artikulua
2018-04-13 13:37

Atzo deklaratu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatu ohiak eta Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakari ohiak Madrilgo Kontu Auzitegian, Zubietako errauste plantaren proiektua geratzea leporatuta. Haiei elkartasuna adierazteko asmoz, 12:30ean ekitaldia egingo dute, plazan.

Iñaki Errazkin Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatu ohiari eta Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakari ohiari elkartasuna adierazteko asmoz, EH Bilduk ekitaldia egingo du igandean, 12:30ean, Azpeitiko plazan. Errazkinek eta Intxaurrandietak atzo deklaratu zuten Madrilgo Kontu Auzitegian, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) arduradun zirela Zubietako errauste plantaren proiektua geratzea leporatuta. Hain zuzen, "gipuzkoarrentzat kaltegarria" zen proiektua geratu zutela azpimarratu du EH Bilduk: "Kaltegarria zen osasun ikuspegitik, herritarren osasunaren gainetik interes ekonomikoak lehenesten zirelako; ingurumenaren ikuspegitik ere bai, hondakinak erre eta birziklatzea mugatzen zuelako; eta kaltegarria zen ekonomikoki, ez zelako bideragarria, gaindimentsionatua zegoelako eta kanpotik zaborra inportatzea eskatzen zuelako".

Egun, EAJk eta PSE-EEk dute GHK-n gehiengoa, eta erraustegiaren proiektua geldiarazteak eragindako kalte ekonomikoa Errazkinek eta Intxaurrandietak beren gain hartzea eskatu dute alderdi horiek – 40 milioi euro baino gehiagoko zigorra eskatzen dute bi auziperatuentzat–. Koalizioak  "mendekua" nahi izatea egotzi die EAJri eta PSE-EEri, "alternatibak bilatzeagatik, beraien makroproiektuak geratzeagatik eta ezarri nahi dituzten muga politikoak gainditzeagatik". Horren aurrean, Errazkini eta Intxaurrandietari "elkartasuna adierazteko eta egoera indarrez salatzeko" premia azaldu dute, eta herritarrei dei egin die igandeko ekitaldian parte hartzera.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa