Urrezko LEB liga: zaila bai, ezinezkoa ez

Gipuzkoako Hitza 2018ko api. 13a, 13:08
Iraurgiko jokalariak, joan den igandean, Levitec Huescaren aurkako partidan. (Iraurgi Saskibaloi Taldea)

Aurreko denboraldian maila bikaina emanda, Espainiako Urrezko LEB ligara egin zuen jauzi Sammic Iraurgik. Klub txikia izanagatik, maila horretan lehiatzeko gai dela erakutsi du, eta azken hiru lehiak giltzarri izango dira mailari eusteko.

Sammic Iraurgi saskibaloi taldeak Espainiako Zilarrezko LEB ligatik Urrezko LEB ligara egin zuen jauzi aurreko denboraldiaren amaieran. Azkoitiko eta Azpeitiko gizonezkoen talde nagusia "denboraldi zaila" izaten ari da, maila handiko aurkarien kontra jokatzen ari delako. Alde horretatik, ligak talde bakoitza "merezitako lekuan" jartzen duela azaldu du Lolo Encinas entrenatzaileak. Egun, 16. postuan da Sammic ISB, eta bere horretan eusten dio bigarren denboraldiz jarraian Urrezko LEB ligan jarraitzeko itxaropenari. Jokalariengan ilusioa piztu du joan den asteburuan Levitec Huescari irabazi izanak.

Partida gogorra izan zen igandean Azkoitian jokatutakoa; gogotik sufritu zuten jokalariek. Puntu gutxikoak izan ziren lehen bi laurdenak —25-28 iritsi ziren atsedenaldira—, baina gipuzkoarrak askoz txukunago aritu ziren aldageletatik bueltan. "Erreakzionatu egin genuen, eta, hasieran partida galdua genuela uste bagenuen ere, borrokan jarraitu genuen amaierara arte". Partida 64-64 amaitu ondoren, Sammic ISBk luzapenean hartu zuen mendean Huesca (76-73).

Encinasek aitortu du "tentsio eta urduritasun handikoa" izan zela igandeko partida, eta azken hiru partidak ere halakoak izango direla uste du, jakin badakielako asko dagoela jokoan. "Aurrekoa bezala, giltzarri izango dira datozen partidak ere". Zilarrezko LEB ligara jaitsiko dira denboraldia azken bi postuetan amaitzen duten bi taldeak, eta oso estu dago sailkapena: Bartzelona dago azken postuan, hamar garaipenekin, eta bost talde berdinduta daude haren aurretik, 11 garaipenekin; Sammic ISB da horietako bat.

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren atarian.