Errazkinen eta Intxaurrandietaren aurkako epaiketa ez da amaitu

Urola Kostako Hitza 2018ko api. 12a, 20:36
Intxaurrandieta eta Errazkin hainbat lagunekin Madrilen. (Arantxa Iraola/Berria)

Madrilgo Kontu Auzitegian deklaratu dute, GHK-ko arduradun zirela errauste planta geraraztea egotzita. Errazkinek azaldu du "nahikoa sentipen onarekin" gelditu dela. 

Iñaki Errazkinek eta Ainhoa Intxaurrandietak Madrilgo Kontu Auzitegian deklaratu dute gaur, hilak 12, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) arduradun zirela Zubietako errauste plantaren proiektua geratzea egotzita. 10:00etan zen hastekoa epaiketa, eta hainbat lagunen babesean joan da auzitegira. Besteak beste, han izan dira garai hartan Gipuzkoako ahaldun nagusi izan zen Martin Garitano eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea.

Erraustegiaren proiektua geldiarazteak eragindako kalte ekonomikoa Errazkinek eta Intxaurrandietak beren gain hartzea nahi du GHK-k –gaur egun EAJk eta PSE-EEk dute gehiengoa–, eta horrenbestez, 40 milioi euro baino gehiagoko zigorra eskatzen dute bi auziperatuentzat.

Uste baino luzeago joan da gaurko auzi saioa, eta hori dela eta, ondorioen aurkezpena beste baterako utzi du epaileak. Oraindik zehazteko dago noiz izango den hurrengo saioa.

Gaurko saioa amaitzean, Errazkinek Urola Kostako Hitzari azaldu dio "nahikoa sentipen onarekin" gelditu dela: "Ustez, behintzat, gure argudioak mahai gainean jarri ditugu. Azaldu dugu argudio teknikoak nahiz objetiboak zeudela errauste planta gelditzeko. Proiektu hark dimentsio handiegia zuen, eta hori oraingo errauste plantarekin frogatuta gelditu da. Proiektu harekin aurrera egin izan bagenu, 223 milioi euroko balio ez duen azpiegitura bat edukiko genukeen orain, eta, beraz, erabaki logikoena eta arrazoizkoena kontratu hura gelditzea zen. Gaur egungo hondakin kudeaketan, herritarren birziklapen mailara egokitutako azpiegitura sare bat behar dugula nabarmendu dugu".

Denis Itxaso Foru Aldundiko egungo Kultura diputatuak ere deklaratu du lekuko gisara. Errazkinen arabera, zera adierazi du hark: "Errauste planta gelditzeko gure erabakia teknikoa baino gehiago politikoa izan zela, eta horrek sortu dituen kalte ordainak gure gain hartu beharko genituzkeela".

Haren eta perituen deklarazioak entzunda, inpresio onarekin gelditu da Errazkin. Dena den, kezkatuta dagoela adierazi du: "Akusatzen diguten hori, juridikoki, ez da han ageri den bezala. Baina badakigu Madrilen gaudela eta gai honek zer nolako politizazio maila duen. Kezka horrekin jarraitzen dut oraindik".