Haur zein helduentzako formazio beken deialdi berria aurkeztu du Udalak

Uztarria.eus 2018ko api. 12a, 20:25
Leire Goenaga eta Estitxu Elduaien zinegotziek aurkeztu dituzte 2018ko formazio bekak. (Azpeitiko Udala)

50.000 euro bideratuko ditu 3 eta 18 urte artekoen hezkuntza ez arautuko hainbat ekintzatarako eta 25 urtetik gorako langabetuen edota lanaldi erdian ari direnen formaziorako laguntzetara.

Dagoeneko eska daitezke haur zein helduen formazioa bultzatzeko 2018ko udal bekak. Aurten ere 50.000 euro bideratuko ditu Udalak bi multzotan banatzen dituen laguntzetara: 3 eta 18 urte artekoen hezkuntza ez arautuko hainbat ekintzatarako bekak ematen ditu, batetik; eta 25 urtetik gorako langabetuen edota lanaldi erdian ari direnen formaziorako bekak, bestetik. Udalak zuzenean kudeatzen eta ematen ditu laguntza horiek, eta Leire Goenaga Hezkuntza zinegotziak azaldu duenez, Azpeitia da "horrelako laguntzak ematen dituen herri bakarrenetakoa".

Bi laguntzen eskariak egonkortzen ari direla azaldu dute udal arduradunek, eta urtez urte gero eta eskari gehiago jasotzen dituztela, batez ere, 3 eta 18 urte artekoentzako laguntzen kasuan. "Uste dugu diru-laguntza hauek oso garrantzitsuak direla, herritarrak laguntzeko beste tresna bat gehiago direlako. Familia askorentzat esfortzu handia dira eskolaz kanpoko edo formakuntzarako gastuak, eta guk horiei lagundu nahi diegu", azaldu du Estitxu Elduaien Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak.

Laguntzen diren arloak eta oinarriak

3 eta 18 urte artekoen kasuan, artearen, musikaren eta dantzaren arloei dagozkien formazio ekintzak, Gaztedia sailekoak, kirol arloari dagozkionak, kiroldegiko instalazioetako bazkide kuota, hezkuntza arautuaren arlotik kanpo garatutako beste zenbait jarduera mota; eta Udalak aurretik aztertuta, komunitate eta gizarte ikuspegitik begiratuta gizartearentzat garrantzitsuak jotzen direnak dira udal bekak jaso ditzaketenak.

Ematen diren laguntzen artean, Elduaienek azpimarratu du klase partikularrena dela "gero eta gehiago eskatzen" dena: "Gero eta jende gehiagok eskatzen du horrelako klaseetarako laguntza, eskaera indartzen ari da eta Udalak ulertzen du hori lagunduta integraziorako laguntza eskaintzen duela hainbatetan".

Diru-sarreren arabera, ekintzen %90era arteko laguntza lortu daiteke beken bidez 3 eta 18 urte artekoen kasuan.

Helduei zuzendutako formazio bekei dagokienez, honako kasuetarako eska daitezke: profesionaltasun egiaztagiria lortzeko edozein mailatako formazio ekintzetarako, Lanbide Heziketako zikloak egiteko, edota beste formazio ekintza mota batzuetarako, beti ere, Udalak aztertu ondoren, ikusten baldin badute gizartearentzat esanguratsuak direla. "Beka sistema honen helburua da pertsona horientzako formazioa eskaintzea, eta horrela, lan mundura sartzea erraztea edota lan baldintzak hobetzeko aukerak sortzea", diote udal arduradunek.

Formaziorako udal diru-laguntzen oinarri osoak Udalaren webgunean kontsulta daitezke: hemen, 3 eta 18 urte artekoenak; eta hemen, 25 urtetik gorakoenak.