Zelaiak berde, baratzeak gorri

Gipuzkoako Hitza 2018ko api. 12a, 12:56
Azpeitiko Komuntzo baserria. (Aitziber Arzallus)

Inork ez die ihes egin aspaldiko negurik hezeenaren ondorioei, baina badira ondorio horiek askoz modu gordinagoan jasan behar izan dituztenak, lana egurats zabalean egiten dutelako, eta, gainera, eguraldiak erabat baldintzatzen dituen lanbideak dituztelako.

Azken 30 urteotako negurik bustiena izan da aurtengoa. Ia aterrunerik gabeko hiru hilabete luze. Gipuzkoan, batez beste, metro koadroko 681 litro bota ditu, garai horretan ohi duenaren ia bikoitza —metro koadroko 384 litro da batezbestekoa—. Eta otsaila izan da guztietan hilabeterik txarrena, euritsua ez ezik, hotza ere izan delako: atertu gabe bota zuen otsailaren 1etik 14ra; 28 egunetatik 21 euritsuak izan ziren; eta batez besteko tenperatura ohikoa baino 2,5 gradu baxuagoa izan zen.

Inork ez die ihes egin aspaldiko negurik hezeenaren ondorioei, baina badira ondorio horiek askoz modu gordinagoan jasan behar izan dituztenak, lana egurats zabalean egiten dutelako, eta, gainera, eguraldiak erabat baldintzatzen dituen lanbideak dituztelako. Horren berri badu Mitxel Igarataundik, Azpeitiko Kimu Bat lorezaintza enpresako kudeatzaileak: "Ez daukat oroitzapenik aspaldiko urteetan hain gaizki ibili garenik lanak antolatzeko orduan". Esan du, aurtengoa, "plan aldaketen negua" izan dela. "Asteburuan dena antolatzen genuen hurrengo astean jendea lanera bidaltzeko; ailegatzen zen astelehen goiza, eta euria goian-behean, eta pentsatutako guztia aldatu egin behar".

Izan ere, hotza ez bezala, euria lagun txarra da lorezaintzan aritzeko. "Ez da guretzat deserosoagoa delako; guk txamarra eta botak janzten ditugu eta babestuta geratzen gara. Kontua da zelaia bustita dagoenean ezin dugula sartu makineria, zelaia txikituko lukeelako". Kimu Baten makinekin egiten dute ahal duten guztia; eguraldi txarrarekin, ordea, lan gehiago egin behar izaten dute eskuz. "Mantentze lanetan, adibidez, belarra sasiak garbitzeko makinarekin moztu behar izaten dugu, makinaz ezin delako. Eta beste zenbait lan ezin dira egin". Urte guztian egiten dituzte mantentze lanak; aldiz, obra berriak egiteko, lorategi berriak eraikitzeko eta landaketak egiteko garairik onena negua dela azaldu du Igarataundik. "Baina aurten zailtasunak izan ditugu, zuhaitzak landatzeko ere gero eta gehiago erabiltzen dugulako makineria".

Kimu Batek lan asko egiten du gune publikoetan, baina baita bezero partikularrentzat ere. "Eguraldi txarrarekin askok ez dute nahi izaten gu joaterik; gertatu izan zaigu norbaiten etxera joan eta atzera bueltan etorri beharra".

Lore etxean sortzen zaizkien lanak egiteko baliatzen dituzte kanpoan aritu ezin diren egun horiek. "Hemen beti dagoelako zerbait konpondu edo aldatu beharra", dio Igarataundik. "Hala ere, lanordu asko galdu ditugu aurtengo neguan. Gehiago esango dut: egun batzuetan jai egin izan dugu lanik ezin genuelako egin". Azpeititik Urrestillara bidean dute lore etxea. Era guztietako loreak eta landareak saltzen dituzte han, eta baita lorezaintzarako eta baratzezaintzarako beharrezko tresneria guztia ere. Han ere nabarmen antzematen dute eguraldiaren eragina. "Dendan, berez, orain hasiko da garai indartsuena, baina aurten nahiko motela izan da martxoa, eguraldiagatik. Pentsatzen dugu jende uholdea etorriko dela eguzki pixka bat irten orduko".

Lorezainek ez ezik, nekazariek ere zerura begira pasatu dute negua, lanerako aukera emango zien aterrunearen zain. Hala adierazi dute Ioritz Igarataundik eta Aiora Etxeberriak, Azpeitiko Komuntzo baserriaren inguruetan eraiki duten Sakona etxalde ekologikoaren jabeek. Lau urte dira proiektua martxan jarri zutela, eta, egun, 1,5 hektareako baratzea, 600 bat metro koadroko berotegia eta 90 bat ardi dituzte.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.