Oier Etxeberria: "Ez nuen hanka sartze handirik egin, baina ezer distiratsurik ere ez"

Urola Kostako Hitza | Kultura | Artikulua
2018-04-11 16:05

Oier Etxeberria (Azpeitia, 1998) bertsolariak bigarren egin zuen zapatuan Osinalde sariketan. Lorpenarekin "gustura", Plazatik Gaztetxera sariketari ekiteko prest da azpeitiarra. Urola Kostako Hitzak Etxeberriarekin hitz egin du.

Oier Etxeberria, Osinaldeko bigarren sailkatuaren sariarekin. (Goierriko Hitza)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Lehen aldiz Osinaldeko finalera iritsi eta bigarren. Gustura al zaude?

Bai. Egia esan, ez nuen espero. Bigarren egin nuela esan zutenean harritu egin nintzen; izan ere, hain ondo jardun ez izanaren edo besteek hobeto jardun zutenaren irudipena neukan. Baina Osinaldek duen garrantzia kontuan hartuta, oso gustura nago.

Saioan nola sentitu zinen?

Nahikoa erregular ari nintzela sentitzen nuen; ez nuen hanka sartze handirik egin, baina ezer distiratsurik ere ez. Ez zen izan oso-oso gustura gelditu nintzen ariketarik.

"Oso-oso gustura" ez gelditu arren, zein ariketatan sentitu zinen erosoen?

Batez ere, kartzelan. Osinalden egiten den kartzelako ariketa oso berezia da, uste dut han bakarrik egiten dela halakoa. Hitzari bakarka erantzun eta binaka ofizioa osatu behar izaten da, eta horiexek nabarmenduko nituzke. Ahaztu hitza eman ziguten, eta akordatzea ahaztearekin egin nuen jolasa. Ofizioa, berriz, hamarreko txikian osatu nuen Eli Pagolarekin, elkarrekin ezkonduta denbora asko daraman bikote baten paperetik.

Zuk esana da Osinalde "plaza berezia" dela.

Bai, hala da eta. Oso-oso plaza bertsozalea eta eskertua da. Jendea bertsoak entzutera joaten da, eta kantatzen ari dena ohartzen da horrekin. Gainera, afalostean izaten da saioa, eta horrek berotasuna eta gertutasuna eragiten du beste saio batzuekin alderatuz gero. Soziedadea bete egiten da, eta areto bete bat erdi hutsik dagoen areto bat baino goxoagoa izaten da.

Elkarrizketa osorik,Urola Kostako Hitzaren webgunean

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa