Uholdeen aurkako protokoloa martxan jarri du Udalak

Uztarria.eus 2018ko api. 11a, 22:07

Euria ez da etenik izaten ari azken egun eta orduetan, eta alerta laranja eman du Segurtasun Sailak datozen orduetarako. Hori dela eta, Azpeitiko Udalak uholdeen aurkako protokoloa jarri du martxan, eta herritarrei tentuz ibiltzeko eskatu dio. Gainera, Urola ibaia maila horian dago, eta Madalenako ospitale zaharraren ondoan ibaiak gainezka egin du eguerdirako, eta arratsaldean errepidea itxi du udalak gune horretan. Loiola parean ere urak handi datoz Urola ibaian.

Euriak eragindako arazoak ekiditeko hainbat neurri hartzea gomendatu du Udalak, hala nola erreka eta ibai bazterretan ibilgailurik ez uzteko deia egin du. Horrez gain, ur-putzuak sor daitezkeen inguruetatik eta urak har ditzakeen garajeetatik autoak kentzea gomendatu du. "Ahal dela" autorik ez hartzeko ere esan du udalak, eta, erabili behar den kasuetan errepide nagusietan eta autobideetan ibiltzea gomendatu du. Bestalde, kutsadura eragin dezaketen produktu arriskutsuak erretiratzeko ere eskatu du Udalak. Herritarrek arazorik badute, Udaltzaingora (943 15 13 13) edo 112 larrialdetako zenbakira deitu dezaketela ere gogorarazi du.

Gipuzkoako Urakek gaur argitaratu duen datuaren arabera, Nuarbeko Ibai-Eder urtegia %94,29 dago beteta.

Bidali euriak utzitako irudiak

Uztarria Komunikazio Taldeari euriak eragindako kalteen edo urak utzitako irudi ikusgarrien argazkiak igorri nahi izanez gero, bidali mezu bat uztarria@gmai.com helbide elektronikora, argazkiak non ateratakoak diren zehaztuta.