Ezker abertzaleko gazte mugimenduaren bilakaeraz arituko dira gaur Sanagustin kulturgunean

Uztarria.eus 2018ko api. 11a, 15:33

Jarrai, Haika, Segi eta Ernai antolakundeen testuinguruak eta jardunak izango dituzte hizpide. Orkatz Kultur Elkartearen 25. urteurrenaren harira prestatu dute hitzaldia, eta 19:00etan hasiko da. 

Orkatz Kultur Elkarteak eta Azpeitiko Ernaik antolatuta, Ezker abertzaleko gazte mugimenduaren bilakaera hitzaldia eskainiko dute gaur, asteazkena, Sanagustin kulturgunean, 19:00etan hasita. Antolakunde horietako kide izandako Imanol Iparragirre eta Xabi Iraola izango dira hizlariak. Xalba Ramirez etortzekoa bazen ere, azkenean ez da gaurko solasaldian izango. 

Urteetan atzera egin, eta Jarrai, Haika eta Segi antolakundeen inguruan arituko dira gaurkoan. Haiek sortu ziren testuingurua izango dute hizpide, baita haien jarduna eta helburuak ere. Gaur egungo egoerari begira amaituko dute saio, eta Ernai antolakundearen inguruan mintzatuko dira hitzaldiaren azken zatian. 2019an 40 urte beteko dira ezker abertzaleaeren aurreneko antolakundea sortu zenetik. 

Aurten 25 urte beteko ditu Orkatzek, eta urtemugaren harira antolatutako ekintzen artean dago gaurko hitzaldia.