Ekin diote Joxe Arregik gidatutako 'Munduko erlijio handiak. Eta guri zer?' ikastaroari

Uztarria.eus 2018ko api. 10a, 20:19

Gaur, asteartea, hasi da Azpeitiko Udalak Deustuko Unibertsitatearekin elkarlanean antolatutako Munduko erlijio handiak. Eta guri zer? tailerra. Joxe Arregi frantziskotar ohi azpeitiarrak gidatuko ditu saioak, eta Udalak jakinarazi duenez, hamalau lagunek eman dute izena erlijioa ardatz duen ikastaroan. Sindikatu Zaharrean elkartu dira gaur arratsaldean aurrenekoz, eta Joxe Arregik, Estitxu Elduaien zinegotziak eta Deustuko arduradun batek harrera egin diete ikastaroan murgilduko direnei. 

Erlijioa da tailerrean landuko dituzten edukien oinarria. Dena den, proiektuaren sustatzaileen azalpenen arabera, bi ildotan sakonduko dute: "Oso kontuan izango ditugu gizarte demokratiko, moderno eta anitzetan, gurean kasu, eztabaida sortzen duten bi gai. Alde batetik, erlijioaren irakaskuntza hezkuntza publikoan. Bestetik, erlijioaren adierazpen publikoak edo erlijio-erakundeen esku hartze publikoa gizarte anitz eta laikoan. Hor laikotasunak erlijio-erakundeei ezartzen dizkien ezinbesteko baldintzak aztertuko ditugu".

Tailerraren sustatzaileen hitzetan, "gizateriaren historia eta gaurko kultura bere argi eta itzalekin ezagutzeko, ezinbestekoa da munduko erlijioak ezagutzea". Horregatik, "ikuspegi guztiz akonfesionaletik" munduko erlijio nagusien berri ematen saiatuko dira, "gaurko gizarteetan, eta bereziki gurean, planteatzen dituen erronkei gertutik erreparatuz". Diotenez, "ezagutzen diren kultura guztietan presente egon da erlijioa", eta garai guztietako gizarteen "eratzaile funtsezkoa" izan da. "Erlijioek markatu dute historia, gizartea, gizakion bizitza, mundu-esperientzia, identitate pertsonal eta kolektiboa", diote.

(Argazkia: Azpeitiko Udala)