Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin du Uemak

Uztarria.eus 2018ko api. 10a, 12:15

Beste urte batez errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiatu du Uemak, "euskarak dagokion lekua izan dezan administrazio publikoan ere". Iaz, 7.594 errenta aitorpen aurkeztu ziren Azpeitian, eta horietatik 3.013 izan ziren euskaraz egindakoak, 2016an baino gutxiago. 

2017ko errenta eta ondarea aitortzeko garaia heldu zaie Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako herritarrei, eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema) errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina jarri du abian beste urte batez.

Euskararen normalizaziorako bidean, "urrats bat da" errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea Uemaren aburuz. Urratsa "sendoa" izan dadin, ordea, herritarren babesa eta parte-hartzea "beharrezkoa" dela dio. Horregatik, "euskarak administrazio publikoan ere dagokion lekua izan dezan", mankomunitateak dei egin die herritarrei errenta aitorpena euskaraz egin dezaten. 

Errenta aitorpena egiteko hainbat modu daude, eta lurralde bakoitzeko foru ogasunaren arabera webguneak, telefonoak eta gainerakoak aldatzen diren arren, "moduak antzekoak" direla azaldu dute, eta horietan euskararen aldeko hautua egitea da kanpaina honekin lortu nahi dutena. "Batetiklk, datuetan ere islatu dadin udalerri euskaldunetan euskaraz bizi garela, eta bestetik "administrazioa euskalduntzeko bidean eragiten jarraitzeko", azaldu dute Uematik.

Azpeitian, datuak beheraka

Azken urteetan errenta aitorpena euskaraz egin duten azpeitiarren kopurua goraka joan bada ere, iaz datua jaitsi egin zen. Gipuzkoako Foru Aldundiaren datuen arabera, 2016an Azpeitian 7.541 errenta aitorpen aurkeztu ziren, eta horietatik 3.027 egin ziren euskaraz, %40a pasatxo. 2017an, aldiz, orotara 7.594 errenta aitorpen egin ziren herrian, eta horietatik 3.013 izan ziren euskarazkoak. 

Hemen, azken urteotan Azpeitian euskaraz egin diren aitorpenen datuak:

  • 2008an: 2.027 aitorpen egin ziren euskaraz (%27,76).
  • 2009an: 2.227 aitorpen egin ziren euskaraz (%28,23).
  • 2010ean: 2.260 aitorpen egin ziren euskaraz (%29).
  • 2011n: 2.387 aitorpen egin ziren euskaraz (%30,52).
  • 2012an: 2.453 aitorpen egin ziren euskaraz (%31,86).
  • 2013an: 2.566 aitorpen egin ziren euskaraz (33,83).
  • 2014an: 2.566 aitorpen egin ziren euskaraz. (%33,83)
  • 2016an: 3.027 aitorpen egin ziren euskaraz. (%40,14) 
  • 2017an:  3.013 aitorpen egin ziren euskaraz. (%39,67)