Desgaitasuna duten pertsonentzako bidaiak antolatu ditu Elkartuk

Uztarria.eus 2018ko api. 10a, 11:05
Calpeko hondartza.

Desgaitasuna duten pertsonek aisialdiaz gozatzeko aukera berdintasuna izan dezaten jarri dute martxan programa. Desgaintasun fisikoa, organikoa edo sentsoriala duten pertsonentzat bost bidaia prestatu dituzte, hala nola Calpera, Saloura, Berlinera eta Madrilera. Informazio gehiago jasotzeko edo bidaietan izena emateko Gizarte Zerbitzuen Sailera jo daiteke, apirilaren 20a baino lehen.

Desgaitasuna duten pertsonek aisialdiaz gozatzeko aukera berdintasuna izan dezaten Elkarbidean programa jarri du martxan aurten ere Elkartu gutxitasun fisikoa duten Gipuzkoako pertsonen federazioak. Desgaintasun fisikoa, organikoa edo sentsoriala duten pertsonek bidaiatzeko aukera izango dute, aurten antolatu dituzten bost bidaiei esker.

Calpera egingo dute aurreneko bidaia ekainaren 11tik 25era bitartean. Ekainaren 30etik uztailaren 4ra, berriz, Saloura bidaiatuko dute. Uztailaren 23tik 30era Berlin ezagutzeko parada izango dute, eta Saloura joatekoa abuztuaren 11tik 25era bitartean. Azken bidaia Madrilera egingo dute, irailaren 8tik 14ra. Egonaldiak irisgarritasuna bermatuta duten hoteletan egingo dituzte, eta bidaiak autobus egokituan. Gainera, laguntza pertsonala eta bidaia asegurua izango dute bidaiariek.

Programaren antolatzaileek azaldu dutenez, lehentasuna izango dute desgaitasun handia, mugikortasun murriztua edo behar bereziak dituzten lagunek. Informazio gehiago jasotzeko edo bidaietan izena emateko Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuen Sailera jo daiteke, apirilaren 20a baino lehen.