Euskal Eskola Nazionalaren erainkuntza hizpide, Astindu Europa hitzaldi zikloa amaitzeko

Uztarria.eus 2018ko api. 9a, 17:03
Ikasle Abertzaleakek EU2015 erreformaren kontra deitutako mobilizazio bateko artxibo irudia. (IA)

Bihar eskainiko dute hitzaldi zikloaren azken saioa Gaztetxean. Bertan, Europako Batasunaren hezkuntza erreformez, horien eraginez eta Euskal Eskola Nazionalaz arituko dira solasean. Hitzaldia ordu erdi atzeratu dute, eta 19:00etan hasiko da. 

Amaitzear dira herriko hainbat eragilek elkarlanean antolatutako Astindu Europa jardunaldi kritikoak. Besteak beste, internazionalismoaz, Donbasseko gerraz eta herri-erresistentziez hausnartzen aritu ostean, hezkuntzaren ildoari helduko diote hitzaldi zikloaren azken saion. Bihar, asteartea, eskainiko dute solasaldia Gaztetxean, Posible al da Euskal Eskola Nazionala Europaren barruan? izenburupean. Bertan, ikasleek Europako Batasunaren (EB) hezkuntza erreformen aurrean egin dezaketenaz hausnartuko dute, 19:00etan hasita.

Hitzaldi zikloaren sustatzaileen iritziz, Europako Batasunaren hezkuntza erreformek "langile klasearen esplotazioa" dute xede: "Bologna eta Estrategia Unibersitaria 2015 (EU2015) erreformak ia %100 aplikatu dizkiguten honetan, gure azalean bizi ditugu EBtik datozen aldaketen ondorioak. EBren aldaketa guztiek, izan hezkuntza erreformak, legeak edo bestelakoak, burgesiaren boterea indartzen dute, hots, langile klasearen esplotazioa indartzea dute helburu". EBk ikasleak "erabili" egiten dituela uste dute, erakunde horrek sustatutako "jakintza, makineria, teknika, balore nahiz jokaera jakin batzuk erreproduzitzeko edo praktikan jartzeko".

Horregatik, ikasleek EBren hezkuntza erreformen aurrean zer egin dezaketen eztabaidatu nahi dute. Ikasle Abertzaleak erakundea hitzaldi zikloaren antolatzaileetako bat da, eta haren hautua eta proposamena Euskal Eskola Nazionalaren eraikuntza da. "Zein izan behar da langile klasearen eta bereziki ikasleon praktika politikoa? Gure hautua Euskal Eskola Nazionalaren eraikuntza da, esplotazio eta zapalkuntzarik gabeko gizarte batean garatu beharreko hezkuntzaren erainkuntza, hain zuzen", diote.

Astindu Europaren antolatzaileek uste dute ez dela posible Euskal Eskola Nazionala "instituzio burgesetatik egikaritzea eta garatzea". Hori hala izatearen arrazoiak azaltzen saiatuko dira biharko hitzaldian. Hori ez ezik, "aurrera begira ikasle mugimenduak bete dezakeen papera zein den" hausnartuko dute. 

Askapenak, Gaztetxeak, Elkar-ekinek, Ikasle Abertzaleakek, Ernaik, Basanderiekek eta Emakumeen Mahaiak elkarlanean prestatu zituzten Astindu Europa jardunaldiak, besteak beste, "Europako Batasunaren (EB) atzean ezkutatzen dena argitara ateratzeko eta EBri maskara kentzeko".