Oier Etxeberria bigarren, Osinalde bertso sariketan

Uztarria.eus | Kultura | Artikulua
2018-04-08 15:32

Matxinbentako bertsolariarentzat "plaza oso berezia" da Osinalde, eta gustura dago Gabiriko finalean egindako lanarekin. Txaber Altubek irabazi du bertso sariketaren 47. edizioa eta Eli Pagolak jaso du bertso onenaren saria. 

Hiru bertsolari sarituak ezkerretik eskubira: Oier Etxeberria, Txaber Altube eta Eli Pagola. (Goierriko Hitza)  Ikusi haundiago | Argazki originala

47. Osinalde bertso sariketaren finala irabazteko atarian gelditu da Oier Etxeberria bertsolari azpeitiarra. Atzo, zapatua, jokatu zen finala Gabiriko Osinalde elkartean, eta Etxeberria bigarren sailkatu zen. Txaber Altube abadiñoarrak irabazi zuen sariketa. Bertso onenaren saria, berriz, Eli Pagola hernaniarrak eraman zuen. 

Sei bertsolari aritu ziren kantuan atzoko finalean: Oier Etxeberria, Txaber Altube, Eli Pagola, Aitor Servier azkaindarra, Asier Galartza muxikarra eta Peru Abarrategi aramaioarra. Sei finalistak aurten iritsi dira aurrenekoz Osinaldera. Eñaut Asurabarrena gabiriarrak jarri zizkien gaiak.

Osinalde sariketako finala Aztiria, Osinberde eta Argi Berri kanporaketetako irabazleak eta saio horietan bigarren sailkatu diren bertsolariek jokatzen dute. Etxeberriak Argi Berri sariketa irabazita lortu zuen finalerako txartela. 

Atzoko saioan egindako lanarekin gustura dagoela esan du Etxeberriak: "Ariketa gehienetan kunplitu nuela uste dut, akatsik egin gabe aritu naiz. Beraz, horrekin konforme nago".  Bigarren sailkatzea "espero" ez zuela esan du Matxinbentako bertsolariak, "beste bertsolariak hobeto" aritu zirela iruditu baitzitzaion. 

Gabiriko finala "oso plaza berezia eta bertsozalea" da Etxeberriarentzat. "Orokorrean, Osinalden kantatzea gustagarri egiten da", dio. 

47. Osinalde sariketako sei finalistak eta gai-jartzailea. (Gorierriko Hitza)

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa