Donostia Hiria Nazioarteko Xake Txapelketan murgilduta ibili dira Azpeitiko xakelariak

Uztarria.eus 2018ko api. 5a, 21:48

Donostia Hiria 41. Nazioarteko Xake Txapelketa jokatu dute Azpeitiko Xake Taldeko kideek. Joan zen martxoaren 24an hasi zen sariketa, eta hilaren 31n amaitu zen. Orotara, 117 lagunek eman zuten izena  txapelketan, tartean bost xakelari azpeitiarrek. Azpeitiarren artean aurreneko postua Eneko Alberdik eskuratu zuen. Izan ere, jokatutako partidetan 3,5 puntu eskuratzeari esker 83. postua lortu zuen sailkapen orokorrean. Julen Urangak 85. postuan amaitu zuen txapelketa, Aitor Elustondok 100. postuan, Iñaki Uranga 102. sailkatu zen eta Gorka Urangak 104. postua eskuratu zuen txapelketaren azken sailkapenean. 

Nazioarteko txapelketa izanik, munduko hainbat txokotako xakelariak ezagutzeko aukera izan zuten azpeitiarrek. Euskal Herriko xake jokalariez gain, Alemaniako, Holandako, Frantziako, Kubako edota Ekuadorko ordezkariak izan ziren Donostian jokatutako txapelketan. 

Sailkapen nagusian Kubako Lelys Stantley Martinez Duani izan zen aurrena, 7.5 puntu eskuratuta. Bigarren sailkatu zen Cristof Sielecki alemaniarra, 7.5 punturekin. Hirugarren postua, aldiz, Jesus Mari Iruzubieta bizkaitarrak lortu zuen, 7 punturekin.

Behin Donostia Hiria txapelketa bukatuta, ohiko sariketei begira daude jada azpeitiarrak. Xakelari nagusiek Azpeitian dute hurrengo hitzordua, apirilaren 14an, 16:00etan, Baigerako eraikinean duten egoitzan. Egun horretan Gipuzkoako Taldekako ligaren azken jardunaldia jokatuko dute azpeitiarrek. Xakelari gaztetxoek, aldiz, 16 urtetik beherako  xakelarien txapelketa jokatuko dute Irunen.