Irene Larrañagaren 'Gurutzatu' proiektua, BAFFEST argazkilaritza jaialdiko finalaren atarian

Uztarria.eus 2018ko api. 5a, 21:20

Irene Larrañaga kazetari azpeitiarra argazkilaritzaren munduan murgilduta dabil azken boladan, eta dagoeneko bere lanak hasi dira fruituak ematen. Larrañagak hamar argazkiz osatutako Gurutzatu! proiektua aurkeztu zuen Barakaldoko III. BAFFEST argazkilaritza jaialdira. Emakume Argazkilari Sortuberrien Lehiaketa jarri ohi dute martxan BAFFEST jaialdian, eta egitasmoan parte hartzera animatu zen azpeitiarra, Gurutzatu! lanarekin. Lehiaketako epaimahaiak duela egun batzuk eman zuen jakitera zein diren hurrengo fasera igaroko diren hogei argazkilariak, eta horien artean dago Larrañaga. Beraz, lehiaketaren finalaren atarian dago. Hurrengo fasean, sailkatutako hogei argazkilari horien proiektuetatik sei aukeratuko ditu epaimahaiak. 

Azpeitiarraren hitzetan, Gurutzatu! proiektua "gaur egungo gizartearen berdintasunaren aldeko borrokan emakumeek dituzten zailtasunen ingurukoa da". Azken lau urteetan munduko hainbat hiritako kaleetan hartutako argazkiekin osatutu du irudi bilduma Larrañagak. Besteak beste, Bilbon, Donostian, Gasteizen, Madrilen, Formenteran eta New Yorkeko kaleetan egindako argazkiak dira Gurutzatu! osatzen dutenak. Irudi horietan emakumeak ageri dira zebrabideak zeharkatzen edota noiz zeharkatuko zain. Horrek badu zentzu bat Larrañagaren lanean. "Zebra-bideek emakumeek egunero gainditzen dituzten oztopo ugariak irudikatzen dituzte. Irudiotan, emakumeak bideak zeharkatzen edo zain daude. Zeharkatu behar dugun bide luzea, zebra-bidez betetako bidea da", azaldu du kazetari azpeitiarrak. Orain, epaia noiz jasoko zain egotea besterik ez zaio gelditzen.

Gurutzatu! proiektua osatzen duten hamar argazki horietako lau dira hauek.