Azpeitiko pentsiodunek protestekin jarraituko dute apirilaren 9an

Uztarria.eus 2018ko api. 5a, 15:35
Pentsiodunen plataformak martxoaren 19rako deitu zuen kontzentrazioko irudia. (Maialen Etxaniz)

Elkarretaratzea egingo dute astelehenean, 12:00etan, plazan. Bertan, pentsiodunek egindako eskaeren egoera azalduko dute. Horrez gain, hizpide izango dituzte datozen asteetan pentsio duinen aldarriarekin jarraitzeko egingo dituzten ekintzak.

Bi astez mobilizatu gabe egon ostean, protestekin jarraitzeko prest daude Azpeitiko Jubilatuen eta Pentsiodunen Plataformako kideak. Astelehenean, hilak 9, berriro irtengo dira plazara, KPI igoera aldarrikatzeko eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzeko.

Azken hilabeteetan egin bezala, 12:00etan egingo dute elkarretaratzea. Deitzaileek aurreratu dutenez, astelehenean pentsiodunek egindako eskaeren egoera azalduko dute. Horrez gain, datozen asteetan pentsio duinen aldarriarekin jarraitzeko egin beharreko ekintzen inguruan hitz egingo dutela jakinarazi dute, erabakiak hartzekotan elkarretaratzera bertaratutako herritarren artean hartzeko.

Azpeitiko pentsiodunek otsailaren 19an egin zuten aurreneko kontzentrazioa plazan. Haren ostean, astero kontzentrazioak egingo zituztela iragarri zuten. Mobilizatuko diren bosgarren aldia izango da astelehenekoa. Aurtengorako Espainiako Gobernuak onartu duen %0,25eko "igoera lotsagarria" gaitzetsi eta KPIaren neurriko igoera aldarrikatzen dute herriko pentsiodunek.