Azpeitira ere iritsiko da Askekintza kolektiboaren 'Gurean' dokumentala

Uztarria.eus 2018ko api. 4a, 21:11

Ikus-entzunezkoaren egileen hitzetan, "Euskal Herriko hainbat festetan egiten den animalien erabilera erakusten du dokumentalak". Lau urtez ezkutuan grabatutako irudiek osatzen dute Gurean, eta horien artean daude Azpeitiko zezenketetan hartutako irudi batzuk. Apirilaren amaiera aldera emango dute ikus-entzunezkoa herrian.

Joan den martxoaren 23an aurkeztu zuen Askekintzak Gurean dokumentala. Animalien askapena helburu duen Gipuzkoako kolektiboa da Askekintza. Orain, Gureanen emanaldi birarekin hasi dira. Euskal Herriko hainbat txokotara iritsi nahi dute, eta Azpeitian ere egingo dute geldialdia. Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, apirilaren azken astean emango dute ikus-entzunezkoa herrian, baina oraindik ez dute data zehatzik.

Euskal Herriko 30 herritako jaietan hartutako irudiak jaso ditu Askekintzak Gurean dokumentalean. Hain zuzen, lau urtez ezkutuan grabatutako irudiekin osatu dute ikus-entzunezkoa, eta tartean daude Azpeitiko zezenketetan egindako grabazioak. Besteak beste, Hernanin, Lezon, Saran, Astigarragan, Gasteizen, Bilbon, Altzan, Zumarragan eta Donostian grabatutako irudiek osatzen dute Gurean

Kolektiboak azaldu duenez, animaliei festetan ematen zaien erabilera erakutsi eta "hausnarketa sustatu" nahi dute dokumentalarekin: "Animaliek festetan pairatzen duten zapalkuntza agerian uztea nahi dugu. Horregatik, dokumental honen helburua da herrietako tradizio horiek zalantzan jartzea eta Euskal Herrian gogoeta zein eztabaida bat mahai gainean jartzea". 

Dokumentalaren trailerra, hemen: