Mutil gazte batek zenbait emakumeri jazarpenak egin izana salatu du Basanderiekek

Uztarria.eus 2018ko api. 4a, 15:50
Basanderiek asanblada feministako kideek eraso sexistak salatzeko Erdikalean egindako murala. (Maialen Etxaniz)

Asanblada feministako kideek azaldu dutenez, "14-15 urteko gizon bat emakumeei jarraika" ari dela jakin dute. Mutil berarekin lotura duten zazpi testigantza jaso dituztela azpimarratu dute. Herritarrei horren berri eman eta gertatutakoa salatzea da beren xedea. "Antzeko egoeraren bat" pairatu duten emakumeei jazotakoa salatzeko deia egin diete.

Azpeitiko bizilaguna den 14-15 urteko mutil batek herriko hainbat emakumeri jazarpenak egin dizkiela salatu du gaur Basanderiek Azpeitiko emakume gazte feministen asanbladak. Basanderiekeko kideek azaldu dutenez, mutil horrekin lotura duten gertaeren zazpi testigantza jaso dituzte: "14-15 urteko gizon bat emakumeei jarraika ari dela jakin dugu, eta zazpi pertsonen testigantzetatik iritsi zaigu salaketa". 

Zazpi pertsona horietako batek bere bizipenak azaldu dizkie Basanderiekeko kideei, eta horrela azaldu dute asanblada feministako emakumeek: "Kaletik segika ibili zitzaiola esan zigun, que buena estas edota guapa bezalako hitzak oihukatuz, bera [jazotakoa salatu duen emakumea] deseroso sentiarazten zuen bitartean. Behin baino gehiagotan etxeko atarian zain aurkitu zuen 14-15 urteko gaztea. Gainera, kalean harekin ez topatzeko beste bide batzuk hartzen zituela azaldu zigun emakumeak. Behin, mutikoa atzetik jarraika ari zitzaiola ikusita, emakumeak mehatxu egin zion gizonari, poliziari deituko ziola esanez. Orduan mutilak ihes egin zuen, baina denbora igaro eta gutxira itzuli zela kontatu digu neskak". Beste neska batzuei ere "antzeko zerbait" pasatu zitzaiela jakin dute Basanderiekeko kideek.

Salaketarako deia

Gertatutakoa "irmo" salatu nahi izan du asanblada feministak: "Gertatutako jazarpenak salatzen ditugu kaleak guztionak direla ulertzen dugulako, eta emakumeak izanagatik ez dugu inolako beldurrik sentitu behar kalera irteten garenean. Que buena estas eta guapa oihukatzea jazarpentzat hartzen dugu. Izan ere, hitz horiek deseroso sentiarazten gaituzte". Horren harira esan dute halako oihuak ez direla piropoak eurentzat: "Oihu horiek beldurtzeko erabili ohi dira, emakumearen gaineko boterea sentitzeko. Beraz, ez ditugu hitz horiek piropotzat hartzen". 

Asanblada feministak adierazi duenez, "gertaera hauek emakumeontzat ohikoak izan arren, ez dira normalizatu behar". Horregatik, "antzeko egoeraren bat" pairatu duten emakumeei jazotakoa salatzeko deia egin diete. Asanbladako kideekin harremanetan jartzeko basanderiek@gmail.com helbide elektronikora mezu bat idazteko deia egin dute. 

"Kasu jakin baten inguruan ari garen arren, jakitun gara sistema heteropatriarkal batean bizi garen heinean sistema hau erreproduzitzen jarraitzen dugula gure jarreretan, eta zaila dela guztiok barruan dugun munstro honen aurka borrokatzea", adierazi du Basanderiekek. Salaketak egitea eta jarrerak aldatzeko lan egitea "beharrezkoa" dela azpimarratu dute asanbladako kideek.

Hezkuntzatik eragiteko beharra

Salatu dituzten gertaerekin lotura duen mutilaren adinari erreparatuta, "kezkagarria" dela dio asanbladak: "Erasolatzailearen adina benetan larria iruditzen zaigu; gaztea da". Horren karitik, hezkuntza ez araututik eta hezkuntza formaletik lan egitea "ezinbestekoa" dela nabarmendu du asanbladak, baita "botere harremanak apurtu, eta guztiok eroso bizi gaitezken gizarte horizontal baten alde lan egitea" ere. Horregatik, herriko heziguneei dei egin diete sexu jazarpenen gaia "modu berezitu" batean landu dezaten. Horrez gain, "ahizpatasunaren aldarria" zabaldu dute: "Emakume guztiak elkar babes gaitezen, elkarrekin indartsuago garelako".