Bost urtean aldaketa handirik ez Azpeitiko euskararen ezagutza datuetan

Uztarria.eus 2018ko mar. 31a, 12:56

2016ko euskararen ezagutza datuak kaleratu ditu Eustatek. Urte hartan 16 urtez gorako herritarren %83,7 ziren euskaldunak; bost urte lehenago egindako azterketaren arabera, %83,6 ziren euskaldunak. Lehen hizkuntza euskara duten herritarrak  %74,2 dira, eta datu hori pixka bat jaitsi da 2011ko datuekin alderatuta; izan ere, orduan azpeitiarren %75,5ek zuen euskara lehen hizkuntza. Dena den, gora egin du lehen hizkuntza euskara edo gaztelania ez duten herritarren kopuruak: %4 dira. 2011n, berriz, %2,6 ziren. Bestalde, azpeitiarren %70ek euskaraz hitz egiten dute etxean.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herriz herriko euskararen ezagutza datuak kaleratu ditu Eustatek. 2016ko zentsuaren zifrak kaleratu ditu erakundeak, eta datuetan ikus daitekeenez, gero eta herritar gehiagok dakite euskaraz. Gainera, aurreko azterketetan ikus zitekeen euskararen ezagutzaren beherakada eten egin da herri euskaldunenetan, eta eremu erdaldunagoetan igotzen ari da euskaldunen portzentajea. Berrian irakur daiteke Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuen gaineko azterketa.

Azpeitiko datuak ere plazaratu ditu Eustatek, eta 2011ko datuen antzekoak dira bost urte geroago egindako neurketarenak. 2016an 16 urtetik gorako 14.407 biztanle ziren Azpeitian, eta haietatik 12.057 ziren euskaldunak; hau da, %83,7. 2011n, berriz, 11.723 ziren euskaldunak (%83,6). Euskaldun alfabetatuak ziren 16 urtez gorako herritar gehienak, %80,8. Euskaldun erdi-alfabetatuak, berriz, %15,7 eta euskaldun alfabetatu gabeak %3,5. 

2016an azpeitiarren %83,7 euskaldunak ziren, eta %6,8 ia euskaldunak. Ia euskaldunen ehunkoaren kopurua zertxobait jaitsi da 2011ko datuen alderatuz gero; izan ere, orduan herritarren %7,98 ziren ia euskaldunak. Horietatik %51,9 alfabetatuak, %16,7 alfabetatu gabeak eta %31,5 pasiboak. Erdaldunak, berriz, %9,5 ziren 2016an Azpeitian, eta %8,4 2011n.

Lehen hizkuntza euskara

2 urtetik gorako 14.818 biztanle ziren Azpeitian 2016an, eta horietatik %74,2k euskara dute lehen hizkuntza. 2011ko datuekin alderatuta, puntu bat pasatxo jaitsi da datu hori; izan ere, urte hartan egindako neurketaren arabera, azpeitiarren %75,5ek zuten lehen hizkuntza euskara. Gaztelania lehen hizkuntza duten herritarrek %17,6 dira; 2011n, %17,9 ziren. Jaitsiera izan da gaztelania lehen hizkuntza duten herritarren ehunekoak, baina lehen hizkuntza beste hizkuntzaren bat duten herritarren kopuruak egin du gora; hau da, 2016an azpeitiarren %4 dira beste lehen hizkuntza euskara edo gaztelania ez dutenak. 2011n %2,6 zen horien ehunekoa.

Etxeko hizkuntzari dagokionez ere, euskara da azpeitiarrek gehien erabiltzen dutena. Hain zuzen ere, herritarren %70ek euskaraz hitz egiten dute etxean (2011n %68,2). Etxean gaztelania erabiltzen duten herritarren kopurua %19,6 (2011n %22,4) da eta %3 (2011n %1,6) beste hizkuntza bat erabiltzen dutenena. Euskara eta gaztelania erabiltzen duten herritarrak %7,3 dira (2011n %7,8).

Herri euskaldunetako datuen gaineko lehen inpresioaz elkarrizketa egin diote Berrian Josu Labaka Uemako lehendakariari.