Azkoitia-Azpeitia probaren balorazio "oso ona" egin dute haren antolatzaileek

Uztarria.eus 2018ko mar. 29a, 17:47

Eguraldia lagun izan ez zuten arren, joan zen zapatuan Azkoitian eta Azpeitian "aparteko giroa" izan zela gogorarazi dute probaren antolatzaileek, eta lasterketa herrikoiko nahiz maratoi erdiko parte-hartze datuekin gustura agertu dira. Aurtengoa maratoi erdiaren 25. edizioa izan da, eta data seinalatua izanik, Diego Garcia zenaren lagun Alejandro Gomezek eta Alberto Juzgadok hitzaldia eskainiko dute apirilaren 13an.

Joan zen larunbateko Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren antolatzaileek probaren balorazio positiboa egin dute. Eguraldia lagun izan ez zuten arren, bi herrietan "aparteko giroa" izan zela gogorarazi dute, eta proba herrikoiko nahiz maratoi erdiko parte-hartze datuekin ere gustura agertu dira.

Lasterketaren antolatzaileek Mark Kiptoo keniarrak egindako balentria izan dute gogoran; izan ere, master 40 mailako errekorra hautsi zuen hark maratoi erdian. Eliteko lasterketa "oso ona" izan zela esan dute, atleta asko 62 minutu azpitik iritsi zirelako helmugara. Hawi Megersa etiopiar korrikalariaren marka ere goraipatu dute probaren antolatzaileek, emakume horrek bi minutu hobetu baitzuen bere marka.

Maratoi erdiaren sustatzaileek esan dute proban sei lagun artatu zituztela Gurutze Gorriko kideek, eta beste lasterkari bat proba amaitzean, baina ezbeharrik ez zela izan adierazi dute.

Aurtengoa maratoi erdiaren 25. edizioa izan da, eta data seinalatua izanik, Diego Garcia zenaren bi lagunek, Alejandro Gomezek eta Alberto Juzgadok, hitzaldia eskainiko dute apirilaren 13an, Soreasu antzokian, 20:00etan hasita. Bertan, gainera, 25 urteotako edizioetako irudiekin egindako bideo bat emango dute.Sarrera doakoa izango da.