Eibartik etorri dira Azoka Plaza berritua ezagutzera

Uztarria.eus 2018ko mar. 29a, 10:35

Azpeitiko Azoka Plazak ikusmina sortu du beste hainbat udalerritan, eta horren erakusle da aste honetan jasotako bisita. Izan ere, udal ordezkariek Eibarko hainbat lagunen bisita jaso zuten asteartean. Hain zuzen ere, duela hilabete inguru egin zuten hango udal ordezkariek lehen bisita, Eibarko Errebal eraikinean Elikagunearen moduko proiektu bat garatzea proposatu baitute.

Alberto Albistegi zinegotzua, Eibarko lau baserritar, IKEIko teknikaria eta Debemen landa garapen elkarteko teknikaria Azoka Plaza berrituan izan ziren proiektua bertatik bertara ezagutzen. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, Josu Labaka zinegotziak eta Urkome landa garapen agentziako Yurre Peñagarikanok eman zizkieten azalpenak, eta Elikagunea ezagutzeko aukera izan zuten.

Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez, aste honetan izandakoa ez da "ez aurreneko eta ez azkenengo" bisita izango. "Aste Santutik bueltan ere hainbat hitzordu zehaztuta ditugu. Azoka Plazaren proiektua ezagutzeko, udalen, lehen sektoreko eragileen eta landa garapen agentzien hainbat dei jaso dugu, eta pixkanaka, denak hartuko ditugu gurean", azaldu du udalak.